Azken hilabeteotan Gasteizen identifikatutako eraso sexistak salatu dituzte Errekaleor Bizirik!-ek, Lamingorriek (Mendialdea) eta Lautadako eta Gasteizko mugimendu feministek. Azaldu dutenez, urtarrilean emakume batek eraso sexista bat salatu zuen Errekaleor auzoan. Horren ondorioz eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarri zen: komisio bat sortu eta erasotzaileari hainbat gunetako sarrera debekatu zioten. Gainera, gaia lantzerako orduan, beste hiru kasu identifikatu ziren.
Eraso berriak ekiditzeko asmoz, erasotzaileari lanketa bat egitea proposatu zioten, baina honek protokoloa errespetatu ez duela salatu dute, besteak beste, buruturiko erasoa ukatuz, erasotua jazartuz edo guztia salatzeko ekimen baten aurrean indar polizialak deituz.
"Eraso sexistak ez dira soilik jipoiak eta kale ilunetan ematen diren bortxaketak, heteropatriarkatuaren oinarrizko zapalkuntza estrukturalen ondorio baizik", azpimarratu du mugimendu feministak. "Eta, noski, gure espazioetan ere" eraso sexistak ematen direla ohartarazi dute, "erasotzailea gure ingurukoa denean, erasoari garrantzia kentzeko eta erasoa zalantzan jartzeko joera" indarrez salatuz.
Guzti honen harira, Gasteiz zein Arabako herri mugimenduari deialdia luzatu diote, hemendik aurrera abiaraziko den lanketa berezian parte hartzera.