Bost urte pasatu dira Eusko Jaurlaritzak irratien lizentziak esleitzeko lehiaketa martxan jarri zuenetik. Hala Bedi irratiak lizentzia lortu zuen baina esleipena behin betikoa bihurtu baino egun batzuk lehenago, EAEko Gobernuak inolako azalpenik eman gabe prozesua bertan behera utzi zuen. Orain, epaileek arrazoia eman diete erabaki horren kontra helegitea jarri zuten irratiei.
Hala Bedik, ordea, ezin izan zuen helegite hori jarri, eta egun, Eusko Jaurlaritzak bere akatsa bide administratibotik zuzentzeko aukera badu ere, Hala BEdi, eta errekurtsorik jarri ez zuten beste irrati guztiak, lizentziarik gabe uztea erabaki du. Prozesu osoa irregulartasunez josia dagoela uste du Hala Bedik eta horiek azaleratzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatzeko, lehiaketaren espediente osoa eskatu du irratiak eta datozen asteetan, bertan aurkitzen duen informazioaren berri publikoki emateko konpromisoa hartzen du.
Arabako irrati libreak argi dauka lizentzia behar duela, eta lortu arte ez duela etsiko. Lizentziarik ez izanda, besteak beste, lege babesa falta baitzaio eskubide osoz orain arte egin duena egin ahal izateko; hala ere, instituzioek ematen ez dioten legitimazioa entzuleek eta halabelarriek (bazkideek) ematen diotela adierazi nahi du.
#YallahBedi traolaren bidez babes mezuak jasoko ditu irratiak, Twitter eta sare sozialetan.