Bulegotxoa

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2016ko aza. 25a, 10:21

Marrazkia: Jon Gil.

"Gizonak BULEGOA du, letra larriz; merezi duen horrelakoa".

Ezezagunen elkarrizketak entzutea emankorra izaten da maiz, batez ere Alea aldizkarian zerbait idatzi behar eta ideiarik ez dagoenean. Halaxe gertatu zen joan den asteburuan. Udazkeneko eguraldi ederra lagun, terrazak jendez bete ziren, denboraldiko azken izpiak aprobetxatu nahian. Ni ere hantxe nengoen, igande pasa.

Edukazio txarrekoa dela diote, baina saihetsezina izan zen alboko mahaian zeudenen eztabaidak entzutea, inguruko guztien gainetik hitz egiten baitzuten. Ez zen txutxumutxua nire asmoa; halabeharrez gertatu zen.

Bospasei laguneko kuadrilla zen, denak abokatuak. Tartean, isildu ezinik zebilen gizon bat, harroputza oso. Eta izenondo hori ez da nire aurreiritzien ondorio, bere hitzek hori utzi baitzuten agerian. Umiltasuna zer zenik ere ez zekien hark. Bulego handia omen zuen berak, eta horren inguruan aritu zen hitz eta pitz, besteen aurrean luzitu nahian, akaso. Baina badakigu: distira guztiak ez dira urre.

Bere burua nahikoa laudatu zuenean, bere lankideei buruz hasi zen berriketan. Emakume baten izena agertu zen elkarrizketan, haien lankidea, itxuraz. "Jarriko diote bulegotxo arrosa bat" esan zuen, barre algara artean gizonak. Besteek ere barre egin zuten; ez dakit horren grazia topatu zutelako, edo besterik ez esatearren. 

Nire belarriak tupustean antzeman zuen "arrosa" hitz horrek, testuinguru horretan, zeukan esanahia, eta alarma moduko batek jo zuen nire barrenean. Hala ere, ez zen hori izan deigarriena; izan ere, emakume horri bulegotxoa ipini behar omen diote. Bulegoa ez, bulegotxoa.

Gizonak BULEGOA du, letra larriz; handia, zabala, berak merezi duen horrelakoa, goresteko modukoa. Beste emakumeak, ordea, bulegotxoa, hori besterik ez. Arrosa eta txikia. Bulegotxoa.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago