Aurtengo ikasturtea bukatzear dago, eta nekea nabaritzea saihestezina da. Asko izan dira azken hilabeteotan irakurri ditudan lan akademikoak, artikulu zientifikoak eta jite bereko bestelako lanak. Literatura, ordea, nahi baino gutxiago egon da nire mesanotxean. Hori horrela, uztaila iristearekin batera, literatura irensteko grinak harrapatu ninduen duela zenbait egun. Nahi hori areagotu egin zen Gasteizko liburu zaharraren azokarekin topo egin nuenean.
Irakurketa arina eskainiko zidan zerbaiten bila nenbilen, gogoeta sakonetan murgiltzeko indar gutxi baineukan dagoeneko. Irakurketa beti da prozesu aktiboa, zalantzarik gabe, baina kasu hartan, ordura arte irakurritakoen aldean oso bestelakoa zen obraren bat nahi nuen esku artean. Fikzioa, misterioa, nobela beltza… Agatha Christierekin egin nuen topo orduan, ezkutuan zegoen apal batean. Hercules Poirot detektibearen abenturetako bat zen, kritika literarioak urteetan goraipatu duen lanetako bat. Hantxe zegoen, merke-merke. Orriak nabarmen horituta zituen eta bigarren eskuko liburu zaharren usain bereizgarria zerion. Plazera.
Liburua erosi eta gau hartan bertan ekin nion irakurketari. Orduak joan eta orduak etorri, ezin orri haietatik begirik altxatu. Erretzailea izanda ere, zigarrorik ez nuen piztu, istorioan murgilduta nengoen erabat. Zein da ba adikzio indartsuagoa? Halako batean, arnasaldia eskaini zuen argumentuak, hilketa, odol eta bizilagun susmagarrien artean. Kapitulu berriarekin hasi baino lehen, irakurketa eten nuen momentu batez, denbora eta espazio koordenatuetara itzultzeko helburuarekin. Orriaren goiko izkina tolestu nuen apur bat, 185.orrialdean. Orduantxe ohartu nintzen. Nik egindako marka txiki horren azpian, beste arrasto bat zegoen, aurreko irakurleak ere orri horren izkina tolestu zuen seinale. Orri bera tolestu zuen hark ere, eta ziurrenik, narrazioaren zurrunbilo hartan topatu zuen, nik bezalaxe, atseden hartzeko unea.
Ordu txikitan bukatu nuen liburua. Hiltzailea harrapatuta. Hala eta guztiz ere, ezin izan nuen begirik itxi gau hartan. Liburuko misterioa argituta, beste misterio bat zegoen kolokan. Nork tolestu zuen izkina hura? Izkina bat tolestuta, hori besterik ez, edo hori bezainbeste!
Idazlea: Haizea Galarraga
Irudigilea: Jon Gil