Gramatika ariketak egiteaz gain, irakurketa jarduera artifizialak ere egiten ditugu maiz, bai eta entzumen probak ere. Hala ere, tarteka, elkarrekin hitz egiteko abagunea ere eskaintzen digu gure irakasle irlandar berriak. Hizkuntzak irakasteko metodologiak eta hirugarren hizkuntzarekiko presioak alde batera utzita, bestelako gogoeta batean murgilduko naiz gaurkoan.
Gaueko bederatziak jotzear zegoen ordularia, eta nabarmen nekatuta geundela ikusita, berriketa batean hasi ginen parte hartzaile guztiok, etxera joateko ordua iristeko irrikan. Lan baldintzak eta soldatak izan ziren hizpide hasiera batean. Hortik, Ekialde Hurbilean, Arabiar Emirerri Batuetan hain zuzen, eskaintzen diren lansari erakargarrietara egin zuen ikaskide batek jauzi. Espero gabeko batean, gure hizketa gaiarekin zerikusi hizpirik ez zuen arren, emakume arabiarren buruzapi motak ekarri zituen irakasleak erdigunera, agerian utziz bere desadostasuna horrekiko.
Tupustean, eta konturatu gabe, genero kontuetan sartu ginen buru-belarri. Erraza da besteen errealitatea gure betaurrekoen atzetik aztertzea eta kritikoki ebaluatzea. Baina batzuen zoritxarrerako, ez gara gu munduaren zilbor, eta auzokidearen zikinak harrotu aurretik, komeniko litzaiguke guk gurean ditugun kakak ere garbitzea, edota kaka hori gurean ere badugula onartzea. Horren harira, gure inguru hurbilean emakumeak bizi duen egoera irten zen argitara gure elkarrizketan. Akabo! Hor berehala antzeman zen batzuen hari gorriak zeintzuk ziren. Arabiarren egoeraren inguruan berbetan gustora ibili ziren batzuk deseroso sentitzen hasi ziren, eta erasoak ere berehala iritsi ziren. “Ez gaitezen muturrekoak izan, ba al dakizu emakumeek zenbat gizon hiltzen dituzten urtero? Hori jakin beharko zenuke, ezer baino lehen”. “Bueno, gizonak ez ditugu hainbeste zaintzen, eta emakumeek ez dute zertan tratu berezia jaso. Hori ez da berdintasuna”. Perla ugari entzun behar izan nituen minutu gutxian (baita nafar gazte baten esperantzazko hitz koherenteak ere, zorionez). Horrelako astakeriak behin baino gehiagotan aditzen ditugu, bai, ez da ezer berria. Desberdintasun bakarra, hizkuntza. Egun hartan horiek guztiak ingelesez entzun nituen; horrez gain, betiko argudio nardargarriak.
Halako batean, elkarrizketa eten behar zen momentuan, hauxe bota zuen batek: “Emakumeen aurkako indarkeria salbuespenezkoa da, auto istripuak bezala, horixe, salbuespena besterik ez”.
Espero dudan gauza bakarra da, egunen batean, zu bezalako pertsonak ere, auto istripuak bezala, salbuespenak izatea.