Hamaika ikusteko jaioak garela diote, eta hala da, bai! Egunero bezala, Gasteiz zeharkatu nuen, puntarik punta, aurreko astean. Bidea laburra eta azkarra izan zen arren, deigarria egin zitzaidan egoera batekin egin nuen topo. Jakin badakigu isiltasuna eta lasaitasuna ez dela garraio horren ezaugarri bereizgarria, sekulako zalaparta egoten baita beti. Bozgorailua irentsi izan balute bezala, batzuk oihuka. Eta munduaren akabera balitz bezala, ume asko negar batean blai. Nire parean, oraindik bi urte bete gabe zituen haur bat aulkian eserita; gurasoak, alboan. Tranbiara igo eta hurrengo geltokira iritsi baino lehen eman zion umeak negarrari. Ez zegoen hura kontsolatzerik.
Gurasoak eta gainontzeko bidaiariak segituan hasi ziren urduritzen, pazientzia zer den ere ahaztu egin zaigun garai honetan. Gosea, mina... Auskalo zer zuen! Batzuen zorionerako, segundo gutxi igaro ziren haurra lasaitu zen arte. Aitak, isil-misilka, sakelako telefonoa atera, umearen eskuartean jarri eta kitto! Bat-batean, negarrik ez.
Deabruak hartuta bezala, haurrak ez zuen begirik kentzen pantailatik. Eta lerro hauek irakurri bitartean harritu den irakurleak pentsa dezala helduok ere halaxe gaudela sorginduta. Txundigarria da, aldiz, teknologia berriekiko dugun morroitza hori hain goiz hastea.
Garai batean, urruti genituen horiekin hitz egiteko bidea zen mugikorra. Ondoren, alboan genituenekin komunikatzeko, sare sozialetan itxurakeriak egiteko, jolasean aritzeko... Orain, itxuraz, umeak isilarazteko botika magiko ere bilakatu da.
Martxa honetan, zein izango ote da hurrengo geltokia? Noraino iritsiko gara? Gure burua kondenatu dugu, eta badirudi ez garela ohartu ere egiten...
Egilea: Haizea Galarraga
Ilustrazioa: Jon Gil