Asteko zein egunetan bizi ginen jakin gabe, eta ordulariaren presiorik aspaldian sentitu gabe, egun pasa joan ginen hiriburutik gertu samar topatu genuen leku eder batera, Kutna Hora herrira, hain zuzen ere. Giza hezurrez gainezka zegoen kapera bat topatu genuen bidean, Kostnice izenarekin ezaguna. XIX. mendeko goseteen eta guden ondorio izan ziren milaka hildako ez omen ziren hilerrian kabitzen; beraz, hezurtegi bat eraiki zuten bertan, handik gutxira eliza bilakatu zena. Berrogei mila hezur baino gehiago zeuden han, horietako asko bata bestearen gainean pilatuta, eta beste asko apaingarri gisa sabaitik zintzilik. Zirraragarria, gorputz guztiko odola izozteko modukoa.
Historia kontu horiek, aldiz, ez ziren deigarrienak izan. Elizaren harreran, informazio orri bat eman ziguten, euskaraz. Bai, irakurle, ederki irakurri duzu. Eskatu gabe ere, euskarazkoa eman ziguten eskura. Sorpresa egundokoa izan zen, jakina. Espero gabekoa izatea ere bada zerbaiten seinale, suposatzen baitut ingelesez edota gaztelaniaz jaso zutenek ez zutela halako ustekabea sentitu. Halaber, pozak eta harrotasunak hartu gintuzten berehala, bat-batean etxean bezala sentitu baikinen. Atzerrian, baina etxean. Pozaren ostean etorri zen lotsa. Lotsa, gure etxetik gertu, maiz, erronka handia izaten baita horrelakoak aurkitzea. Auzokideek urratzen dizkiguten hizkuntza eskubide batzuk errespetatu zizkiguten kanpoan.
Bagara nor, besteen begietara, Txekiar Errepublikan.