Mahairik mahai jarraitu zuen eskean. Gure ezkerraldean eserita zeudenek ere eman zioten zerbait. Bi mahai harago zegoenak, aldiz, nazka aurpegia eta ezezko borobila eman zioten, limosna gisa, emakumeari. Bakoitzak egin dezala nahi duena, hor ez daukat nik ezer esateko eskubiderik. Ironia, baina, hogei bat segundo beranduago iritsi zen, tontorreraino, gailurreraino; eskaleari ezezkoa eman ostean, gure mahaira hurbildu zenean, su eske. Pizgailua bistan neukan, beraz, ezin ezetz esan. Berak ere ez zuen inondik inora ere espero nik ezetz esaterik. Eskerrik ere eman gabe bueltatu zen bere lekura.
Bizitzaren bitxikeriak horiek. Gaur egun gutxi dira musu-truk ematen ditugunak, beraz, eskuzabaltasun apur bat ez legoke soberan, besterik ez bada, guk geuk ere ez dakigulako noiz beharko dugun besteen laguntza eta sostengua.
Ikasi dugu eskatzen. Ez, ordea, ematen.
Testua: Haizea Galarraga