Haratago doa. Badakit bikote harreman hark porrot egin duela, eta aldi berean, beste bat maitemindu berri dela. Zer duen batek gustuko eta zer besteak gorroto. Zer egin duen gaur arrastian eta zer egiteko asmoa duen bihar. Zuzeneko emanaldia, lagunok! (sarrera doan). Aspaldiko lagun batekin egin nuen topo duela pare bat egun. Ustekabeko elkartzea kalean. Hilabeteak (edo urteak, akaso) bera ikusi gabe, beraz, normalena zatekeen elkarri kontatzeko makina bat berri izatea. Kontrara, ez zegoen nobedaderik. Bere lanpostu berriak sortzen zion zapore gazi-gozoa, bere ilobaren jaiotzaren inguruko lilura eta aurreko asteburuan egindako parranda izan ziren, besteak beste, esan zizkidanak. Harridura aurpegia jarri nuen arren, banekien. Zerbait banekien, bai. “Ez da egia izango!” esateko gertu ere egon nintzen, baina gezur potoloegia zen.
Banekien, berak halaxe jo baitzuen pregoia sare sozialetan. Presaz genbiltzanez, kafe bat hartzeko hitzordua jarriko genuela ere zin egin genion elkarri. Ez dakit, ordea, hurrengoan izango ote duen ezer berririk kontatzeko. Azken finean, banekien.
Testua: Haize Galarraga
Ilustrazioa: Jon Gil