Azkenengoz ikusia gaur 10.30(e)tan

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2013ko aza. 28a, 10:08

Haizea Galarraga

Irudia: Jon Gil


Teknologia berrien aroan murgildurik gaudela, harrotasun osoz erakusten dizkiogu munduari gure lorpenak: egongelan juxtu xamar sar daitekeen telebista neurrigabekoa, punta-puntako ordenagailua, sakelako telefonoa (sakelan jada kabitzen ez dena)…

 

AZKENENGOZ-IKUSIAAurrera beharrean, atzeraka goaz, ordea. Eta hau ez da nik gaur deskubritutako tesia, nahiz eta badirudi ez garela oraindik ohartu. Liburutegirako bidea ahaztu zaigu, nahi beste nobela eta testu zientifiko topa baititzakegu sakelako tramankulu magikoan. Gutun-azaletan ziliguak nola jartzen diren ere ez dakigu, hatz lodiekin pare bat minutuan idazten baitugu nahi dugun guztia, eta bide anitz ditugu, gainera, horretarako: watssap, tuenti, facebook, twitter, hotmail, gmail eta zoratu behar gaituzten beste mila.


Hori bakarrik balitz, gaitz erdi. Haratago joan gara, muturrera iritsi gara, amildegiaren ertzera. Kanpoan den eguraldia ezagutzeko ere, erosoago zaigu etxeko sofatik ipurdia altxatu gabe tak-tak-tak kolpean ikustea, leihora hurbildu eta aurrez aurre ikusi baino. Landare eta animalia ikusgarrien bideoak eta argazkiak harat eta honat dabiltza mugikor, tablet eta ordenagailuetan. Beharbada, horiek eta politagoak ere topa ditzakegu etxe azpiko parke abandonatuan, baina ez gara sekula horretara jaitsi.


Sare sozialak ere itzelak dira, ez hala? Nahi beste pertsona ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute, eta hor ere, mugitu beharrik gabe. Distantziak murrizten dituztela saltzen diguten arren, distantzia horiek biderkatzen dituztela argi ikusi dugu azken bolada honetan. Sare horien zale direnek kalera irten beharko lukete maizago, orduan bai harrituko lirateke eta, sor daitekeen sare sozialaz. Lotsak galdu egiten omen dira, ordea, pantailaren bestaldean. Frogatu, orduan, kalimotxoa, eta funtzionatu ezean, vodka latza ere badugu.


Teknologia berria gure zerbitzari izateko helburuarekin aurkeztu zitzaizkigun, eta aukera aprobetxatu eta gure esklabo bihurtu beharrean, gu geu izendatu gara haien morroi. Hori baino inozoagorik!


Gustura asko jarraituko nuke hausnarketa galduetan blai. Hala ere, idazlan honi amaiera eman beharrean nago, nire adiskide mina duela gutxi konektatu berri da txatean (azkenengoz ikusia gaur 10:30(e)tan eta harekin berriketa luzerako irrikan nago! Etxeko tinbrea jotzera noakio, hor beti baitago konektatuta!

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago