Edertasuna salgai

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2013ko urr. 3a, 12:48

Edertasuna-salgaiHaizea Galarraga

Irudia: Jon Gil

Michelangeloren David ikusgarria oroitzen al duzu? Ez da ba, gaur egun, beste munduko ezer. Itxura fisikoaz ari naiz, eztabaidaezina baita autorearen zizelkatzeko trebezia. Azalaren kanpokoak barnean dagoenak baino garrantzi handiagoa hartu duen garai honetan, gorputzaren gurtza gero eta agerikoagoa da. Kirola egitea aukera ezagunetarikoa da ispiluan argalago, ederrago eta erakargarriago ikusteko geure burua.


Geroa da, ordea, alferraren leloa, eta badirudi erosotasunaren gero eta zaleagoak garela. Oker okerrenean, egon badaude kirolarekin edota dieta zorrotz batekin aldatu ezin ditzakegun alderdi fisikoak: bularren tamaina, sudurraren forma… Azken urteotan, gainera, moda berriak aurkeztu zaizkigu gure aurrean: abdominalak sortzeko ebakuntzak, buru gainean pare bat zentimetro gehitzeko aukera…. Irtenbide erraza baina garestia dugu eskura: kirurgia estetikoa. Poltsikoa bete diru izanez gero (eta horretan xahutu nahiez gero), berehala ezabatuko genituzke gure konplexu horiek. Zer egin sosik ez badugu? Tira, erdibideko aukerak ere badaude: koloretako lentilak, ile faltsua, makillajea, tindagaiak eta zerrenda amaiezina osatu arteko beste hainbeste.


Edertasuna jaiotzetiko dohain izatetik, diruz eros daitekeen zerbait izatera pasa da. Itxura fisikoaren kanona ere antzekoa da gure artean, eta ondorioz, fabrikan eraikitako panpina bihurtzen gara: denak antzeko, eta azkenean, denak berdin. Edertasuna, beraz, salgai dago. Hartu ala ez, zure erabakia da, baina hortxe duzu, beherapenetan gainera! Ondorio positibo bat antzeman daiteke horren guztiaren atzean: eder izatea ez da jada, zorizkoa, ezta dohain bat ere (betiere edertasun kanon estuaz ari baikara; edertasunaren subjektibotasuna ezabatu nahian dabiltza eta).


Baikorra izan nahi dut ordea, eta txanponaren bestaldean onurak ikusi. Arreta deitzen duena ezberdintasun ukitua duen edozer izaten ohi da. Gauzak horrela, denak kanon beraren barnean itsututa daudenean, hor egongo da norbait, fabrikaren ekoizpenetan huts egin duena. Berezia, ezberdina. Bera. Bera besterik ez.


Itxura fisiko berdina dutenen artean, izaera berezia duena gailenduko denaren esperantza dut. Eta momentu horretan, azalaren kanpoaldea ez da deigarri izango; barnealdea baizik. Eta hori bai ezin dela, inondik inora ere, batzuen zoritxarrerako, kirurgiarekin konpondu!

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago