Esan gabeko hitzen kartzela

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2013ko eka. 28a, 08:52

ESANtxikiHaizea Galarraga

Irudia: Jon Gil

Esan sentitzen duzuna, pentsatzen duzuna,  gorroto duzuna, maite duzuna…. ESAN! OIHUKATU! Erosotasunak isiltasunaren amildegira eramaten gaitu. Isilik egon eta ni bakean utzi. Hori da askok jarraitzen duten lema. Bidegabekeria batean aurrean, isildu. Maite duzun horri tutik ere ez aitortu. Zure iritzia eta ustea giltzapean gorde. Irribarre egin eta isildu. Egia esan, buruhauste anitz aurreztu ditzakegu horrela, makina bat liskar eta hamaika desengainu. Halaber, isiltasunean bizitzearen erosotasun horrek ehunaka hitz uzten ditu galbidean, noraezean, ahanzturan…

 

Gizabanakook ez dugu hitza baino arma eraginkorragorik eta hori ere galtzen badugu, akabo! Egunero daukagu zerbait esateko: amorratzen gaituen zerbait, atsegin dugun zerbait…. Zerbait behintzat bai. Eta hitz horiek askatu egin behar ditugu, lau haizetara bota, besteei jakinarazi. Libre utzi. Jakin badakigu, isiltasuna mantentzeak aurrean dugunarekiko adostasuna erakusten duela, beraz, zuzena ez denaren aurrean, isilik jarraitu nahi al duzu? Maitatzen duzula jakiteak zoriontsu egingo du norbait, baina zuk, nahiago al duzu isilik egon?


“Badakizu? Maite zaitut”, “sentitzen dut baina ez nago zurekin ados”, “nahikoa da!”, “eskerrik asko”, “ulertzen zaitut, arrazoi osoa duzu”, “ez dut hori gehiago onartuko!”, “ez, ez, niri ez zait hori gustatzen”, “gustatuko litzaidake, bai…”…. Segundo pare bat baino ez dugu galduko hitz horiek askatzen, eta orduan baino ez gara gu geu ere libre izango, “esan gabeko hitzak” esatean, orduan bai, izango gara: GU GEU.


Esan! Baina esan, esan behar den momentuan eta esan behar den horri, isiltasun horren txanponaren bestaldean baitago faltsutasuna. Har dezagun ohitura sentitzen dugun hori hitzez adierazteko, Seneka filosofoak ere esan zuen eta:  “hitza da pentsamenduaren adierazle; hitz egin nazazu, horrela baino ezingo baitzaitut ezagutu”.


Munduan zehar, gero eta kartzela gehiago dago, esan gabeko hitzak gatibatzen dituzten kartzela gehiago, alegia. Eta hitz horiek heriotza zigorrera eraman aurretik, bidezko epaiketa bat merezi dute: askatasuna.


Gaur egungo gizarteak zein martxa hartu duen ikusita, hori geldiarazteko aukera bakarra geratzen zaigu: ESAN!

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago