Papera vs. Harria

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2013ko mai. 2a, 09:00

 

Haizea Galarraga

Irudia: Jon Gil



Papera ala harria? Erabakia zure esku dago.


Paper. Iz. Landare-zuntzezko orea hedatuz eta lehortuz egiten den materiala, orri oso meheen itxura ematen zaiona eta idazteko, inprimatzeko, biltzeko, etab. erabiltzen dena.


Ez dugu inoiz ikusi, ezta usaindu ere. Ez dugu sekula dastatu, ezta entzun ere. Ez dugu ukitu. Inoiz ez. Hala ere, gure helmuga bakarra bailitzan, bizi osoa igarotzen dugu bere bila, noiz topatuko dugun zain. Zain. Zoriontasuna lortu behar dugula irakatsi digute, bizitzan porrot egin ez dugunaren seinale balitz bezala. Zoriona bereganatu dugula pentsa genezake noizbait, abiadura bizian berriro esku artetik ihes egiten digun arte. Orduan, zentzugabeko bizitza batean preso gaudela senti dezakegu, zoriontasuna berriro ere noiz itzuliko den galdetuz. Nahi gabe, kontraesan-zurrunbilo izugarrian erortzen gara; zoriontasuna aurkitzen ibiltzeak ez baikaitu uzten zoriontsu izaten.


Zoriontasuna paperezkoa da, tupustean erre, zimurtu, horitu, busti, moztu eta desegin daitekeen materialez egina baitago. Eta jakin badakigu, papera puskatzen denean ezin dela berregin.


Harri. Iz. Materiaren zati solido eta gogorra, askotariko konposizio kimikoa duena (…)


Zer dira ilusioak? Egun ilunetan ekialdetik ateratzen diren eguzki-izpiak dira. Irribarre bat, begirada sakon bat, besarkada bero eta amaigabe bat, berri on bat, hitz bat, laztan bat, galdera bat (edo erantzun bat), gosari bat, dei bat… jon gil irudia


Harria baino egonkorragoak diren materialak gutxi dira. Betierean gorde ditzakegun harrixkak ez baitira edozerekin hondatzen: ekaitzen osteko euri zaparrada gaindi dezakete eta ez dira ezeren aurrean makurtzen, tolesten edota uzkurtzen.


Ilusioak harriz eginak daude, gogorrak dira, apurtezinak eta pisutsuak. Oso pisutsuak. Lorterrazak dira gainera, kale-ertz orotan hainbat eta hainbat baitaude, normalean gure arreta bereganatzen ez duten arren. Gure esku dago: oinkada moteldu, makurtu eta harrizko ilusio bat etxera eraman dezakegu. Orduan konturatuko gara eguna kolorez janzten dela.


Utz diezaiogun paperezko zoriontasuna bilatzeari, harrizko ilusio txikiz inguraturik gaude eta!

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago