Bzzzzz, bzzzzzzz, bzzzzz….

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2013ko urt. 31a, 01:00

Haizea Galarraga

Irudia: Jon Gil

 

Gaueko hamarrak jota. Sukaldean zaude, afaria alferguraz prestatzen. Leihoa irekita dago, keak ito ez zaitzan. Eta tupustean, zurrumurru bat, barne-belarriraino sartzen den horietakoa. Bzzz bzzzz. Soinu gogaikarri hori ezaguna zaizu, bai! Lepoa itzuli eta hor dago, beltz eta lodi. Oso lodi. Euli madarikatua!! Ez da aurreneko aldia pare bat zentimetroko mamorro batek zure onetik atera zaituena!

Euliek egun gutxi batzuk besterik ez omen dute bizirik irauten. Bota dezagun, sukaldean bisitatu zaituen horrek pare bat aste igaroko dituela hil arte. Mundua handia da, zabala, amaigabea. Bizitzaz gozatzeko denbora eskas, eta gutxi hori zure sukaldean igaro behar! Txinako Harresia, Taj Mahal jauregi liluragarria, Erromako gladiadoreen Koliseoa, Machu Picchu, Brasileko Kristo Erredentorea, Jordaniako Petra eta Cichén Itzá Mexikon. Aukerak anitzak dira, eta Munduko Zortzigarren Mirari Berria zure sukaldean topatuko balu bezala sartu da eulia. Zenbat zelai, baso, itsasertzez, zerumuga eta txoko ezkutu zoragarri daude gure inguruan? Milaka. Eta hala ere, zu izorratzera etorri zaizu belarri ondora.

Bzzz-bzzzz-bzzzz-ilustrazioEta euliak bakarrik balira, tira. Arazoa baina, sekulakoa da euli-izaera duten bi hankadun gizakiak topatzen ditugunean. Gainontzekoen BiZitZa biZiZ biZi diren horiek (Bzzzz, bzzzz, bzzzz). Munduaz gozatu beharrean, ingurukoak amorratuz plazer hartzen duten horiek. Besteen praketan (eta sukaldetan) muturra sartzea desiratzen dutenak, alegia. Bizitza propioa saldu eta auzokidearena erosi dutenak.

Gutxi balitz: zailak dira harrapatzen. Zaratatsuak dira oso, beraz, ondoan daudenaz ohartzea kontu erreza da. Komeriak gero datoz ordea, zu nazkatzea lortu eta trapu zahar batekin atzera eta aurrera zabiltzanean, harrapatu eta zapalduko duzun esperantzaz. Ez zaitez engaina, alferrik zabiltza, dohain berezi bat dute bizirik atera eta beste norbaiten etxera joateko, hura ere gogaitu arte.

Ez nator ni medikuen lana gutxiestera, baina lepoa jokatuko nuke gaixotasun larri bat utzi dutela ahanzturan. Diagnostiko psikiatrikoa: euli-izaera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago