Zoritxarrekoak gu

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2012ko urr. 22a, 10:03

Haizea Galarraga
Irudia: Jon Gil


(Ironia ON)

Zoritxarrekoak gara. Bai, zorigaiztoko miserable batzuk, alegia. Ez dakit zergatik jarraitzen dugun bizirik, gure buruaz beste egin gabe. Sufrimendu amaigabe honi bukaera eman beharko genioke egunak berriro ere ilundu aurretik! Ez du pena merezi gure bizitza krudel honek. Dena da beltza, gris iluna asko jota.


 

 

Bai, bai; eta zure bizitzak ere negargura besterik ez du sortzen. Galdu ditzagun esperantza guztiak behingoz! Tunelaren bestaldean ez dugu argirik ikusiko; izan gaitezen errealistak: gure bizitza kaka zahar ustel galanta da! Hori besterik ez. Eta horrela izaten jarraituko du; ez da aldatuko in secula seculorum.

Arazo konponduezinetan gaude gatibu. Ekonomia arloan krisi sakon batean murgildurik gaude, eta egoerak okerrera egingo du etengabean. Langabeziak gora egingo duela sinestarazi digute. Horren aurrean zer egin dezakegu, bada? Begitartean tiro egin eta denok lur-azpira; han gusturago hartuko dugu atseden eta!

 

 

zoritxarrekoak-gu

Irudigilea: Jon Gil

 

 

Zure bikotearekin maitemindurik zaude? Egon lasai, egun gutxiren buruan bakarrik utziko zaitu; ezagutu berri duen beste batekin ihes egiteko. Bakarrik utziko zaitu. Eta bihotza oraindik hutsik baduzu, ametsak utz itzazu alde batera: ez duzu maitasuna topatuko. Orain zer? Zuhaitz batean zintzilika ezazu lepoa, eta bidaia ezazu zerura behingoz!

Gure bizitza honek ez zu zentzurik; ez! Zoritxarrekoak gara, eta badakizu arrazoi dudala.

Zure autoak onenak emanda dago eta autobusean joan beharko zara bihar lanera. Telebista berri bat erosteko sosik ez duzu. Begiak kliskatu ezinik zaude; buruhausteek jota. Aspaldian gizendu egin zara nabarmen; bekokiko zimurrak ere antzematen hasi zaizkizu.

Zigorrik handiena dugu gure bizitza nardagarri hau! Tutik ez du balio honek!


(Ironia OFF)

9000 kilometro inguru: Kolonbia. Emakume bahitu bat. Prostituzio munduan sartu dute.

8000 bat kilometro: Txina. Neskatxo jaioberri bat. Zakarretara bota dute; seme bat nahiago dute gurasoek.

5000 km: Senegal. Mutil gaztea. Irakurtzen eta idazten ez daki; baina egunero egiten du lan. Dirudun baten esklabo da.

Metro gutxitara: zure etxe azpian. Gaueko hotza lagun, egingo du lo gizon horrek kalean. Urteak daramatza bere familia ikusi gabe ondoan dagoen emakumeak; atzerritik etorri behar izan zuen hona lanera. Leihoan dagoen aitona hori jipoitua izaten da egunero bere etxean.

Orain, zoritxarreko hori;  izan zaitez ausarta, eta esazu zure bizitza kaka zahar bat besterik ez dela! ESAN!

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago