Gasteizko sarraskia gisa ezagutzen dena izan zenetik 48 urte bete dira igandean. Data honetan gertaera haiek burura etortzen zaizkio Felix Razkin Mendinuetari. Poliziari aurre egiten egon zen martxoaren 3 hartan. Polizien tiroekin lagun bat erortzen ikusi zuen. "Hura ez da nolanahi ahazten", esan digu. Baina gertaeren aurreko urtea ere ezagutzeko modukoa da.
Orain bezala, orduan ere Gasteizen lan egiten zenuen. Non?
Gasteizen bizi eta BH fabrikan lan egiten nuen. Sarraskia baino lehen hiriburuko lantegi handietako langileak antolatzen hasi ginen. Lantegi guztiak bat egin eta patronalari eskaera plataforma bat aurkezteko. Zeren ordura arte enpresa bakoitzean egiten zen lan hitzarmena. Gu bildu eta plataforman aldarrikapen ekonomikoez aparte, langileen ordezkariak zirenak arras bota nahi genituen. Orduan Sindicato Verticaleko enlaces y jurados delakoak zirelako langileen ordezkariak. Asanbladak aukeratutakoak gure ordezkariak izatea nahi genuen.
Orduan Sindicato Verticala besterik ez zegoen, ezta?
Bai, Francok martxan jarri zuen. Haiek aukeratzen zituztenak aurkezten ziren. Jendeak ez zuen parte hartzen. Urte bat lehenago enpresa handietako ordezkariak biltzen hasi ginen. Oraindik aukeratu gabe geunden, enpresetan pixka bat mugitzen ginenak ginen. Horrela hasi zen.
Zein ziren orduko lan eskaerak?
Emakumezkoek eta gizonezkoek berdin irabaztea, lan beragatik soldata bera jasotzea, orduak jaistea, asanbladetan aukeratutako pertsonekin enpresak negoziazioak egitea.
Langile mugimendua, beraz, antolatuta zegoen?
Ordurako klandestinitatean sindikatu batzuk zeuden: CCOO, ELA eta UGT. LAB oraindik ez zegoen. Baina haiek ez zuten ezer antolatzen. Asanbladak aukeratutakoak negoziatzea nahi genuenak, fabriketan mugitzen zen jendea eta ardura hori genuenak, biltzen hasi ginen, beste enpresa batzuekin koordinatzen. Astero egiten genuen bileraren bat, batzuetan basoan, bestetan parrokiaren batean. Horretan 1975ean hasi ginen. Uste dut hamabiren bat enpresa bildu ginela, denak "ilegalak". Plataforma egin eta aldarrikapen batzuk egitea erabaki genuen. Denok aldarrikapen plataforma enpresa guztietan egun berean aurkeztea erabaki genuen, eta gurekin negoziatzea eskatu genuen.
Albiste hau GUAIXE hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.