"Lan egiteko eta aurreratzeko eremuak badaude"

Erabiltzailearen aurpegia Alfredo Alvaro Igoa 2023ko uzt. 31a, 15:48

Ikastaroko saioan parte hartu zuten basozainak, erdian Alberto. Argazkia: Guaixe

Etxeko lanak egin ondoren, detekzio txakurra trebatzeko aurrez aurreko lehen saioa zuen Albertok, Arabako Foru Aldundiko basozainak. Gustura ari da, eta ekimenaren garrantzia nabarmendu du.

Salamanca, Errioxa, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako basozainak Altsasun egon ziren uztailaren 22an, larunbatarekin. Guztiek ere malinois belgikar artzain txakur bana zuten aldamenean. Txakurrak hezteko eta haiek detekzio txakur bihurtzeko ikastaroan parte hartzen ari dira. Beloaran zentroko Josu Mendez Sanchez trebatzaile altsasuarra da irakaslea. Etxeko lanen errepasoaren ondoren (ebaluazio orriak beteta eta ariketen bideoak), alde teorikoa landu zuten, eta eguerdian eta arratsaldean praktika egin zuten Usolarrainen eta Sanpedrozelain. 

Natur ondarearen kontserbazioan detekzio txakurren erabilera sustatzen duen Odor Naturae elkartearekin elkarlanean ari da Mendez egiteko horretan. Elkarteak eman ditu txakurrak, kumeak batzuk; besteak utzitakoak eta jasotakoak dira, eta proiektuaren bidez beste aukera bat ematen diete. Mendezek azaldu duenez, Europan, Amerikako Estatu Batuetan eta Australian gero eta gehiago erabiltzen dituzte ingurumeneko detekzio txakurrak. 

Orain basozainak txakurrekin ikusiko ditugu? 
Kasu batzuetan, horrela izan daiteke. Momentuz, txakur gutxi daude. Baina lanerako izugarrizko tresna izan daiteke. 

Zertan lagun dezake txakurrak basozaina? 
Bakoitzak erabakitzen du zertarako erabiliko duen txakurra. Nik otsoen kakak aurkitzeko trebatuko dut. Horrela, otsoen jarraipena egiteko, eta kalteak sortu aurretik neurriak hartu ahal izateko. Bestetik, desberdintzeko zein diren txakurren kakak eta otsoenak, ondoren kalteak ordaintzeko, aldundiak ordaintzen baititu kalte horiek. Bestetik, txakurra hildako animaliak opatzeko trebatuko dut: tirokatuta hildako animaliak, pozoitutakoak, elektrokutatutakoak eta halakoak.

Basozain askok duzue txakurra?
Arabako Natura Ondarea zerbitzuak norabide horretan egin du apustua. Uste du izugarrizko tresna izan daitekeela, gauza pila egin daitezkeela, eta horretan gaude. Lan egiteko eta aurreratzeko eremuak badaude. Esaterako, piromanoek suteak pizteko erabili dituzten azeleratzaileak aurkitzeko erabil daitezke txakurrak. Eremu zabalak daude lan egiteko. 

Elkarrizketa hau GUAIXE hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago