Martxoaren 8a otsailean izan zen: Emakumeen Egunaren historia korapilatsua

Emakumeen Nazioarteko Eguna Petrogradon, 1917an; Otsaileko Iraultzaren hasiera. WIKIPEDIA

Egiak, erdizkako egiak eta gezur ugari esan dira Martxoaren 8ko ospakizunaren jatorriaren inguruan, baina... Nola sortu zen benetan Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna? Eta zergatik ospatzen da, hain zuzen ere, egun horretan?

"Bai datak, bai hiriak –zenbaitetan Chicago, bestetan New York–, bai gertakizunak aldatzen doaz bertsioz bertsio"

Ezagun da martxoaren 8ak bere lekua irabazi duela mobilizazioen egutegian, azken hamarkadan bereziki, eta horrek gizontasun toxikoaren berraktibazioa eragin duela. Oharkabeago pasatzen ziren diskurtso misoginoek gogor erreakzionatu dute, gizontasunaren pribilegioak zalantzan jarri direla sentitu dutenean. Eguna aldarrikapen eta ospakizunerako data garrantzitsu bihurtu da gizartearen zati handiarentzat, bozgorailu mediatiko guztietan beste batzuek "feminismoaren diktadura berria" salatzen duten bitartean.

Egun seinalatuaren jatorriaren inguruan itaunduz gero, sareetan azaleko bilaketa eginda hainbat istorio irakur daitezke, eta adierazgarria da normalean ez datozela bat. Emakumeen greba bat aipatzen da batzuetan, 1857an edo 1908an kokatzen dena. Poliziak tiro egin zuela kontatzen da bertsioren batean; bestetan, greban zeuden emakumeak fabrikan itxi zituztela eta sute handi batean hil zirela. Bai datak, bai hiriak –zenbaitetan Chicago, bestetan New York–, bai gertakizunak aldatzen doaz bertsioz bertsio. Zenbait istoriotan, emakume langile haiek hil ziren oihal fabrikako sutean kea more kolorekoa zela ere esaten dute. Denek ala denek, martxoaren 8aren jatorria eta feminismoak bere egin duen kolorea AEBtako historiarekin lotzen dituzte.

1914ko emakumeen egunerako kartela. Egilea: Karl Maria Stadler

 

Gertakizunen entsalada

"Iturrietara jo duten historialariek ez dute 1857ko martxoaren 8an inolako emakumeen grebarik edo protestarik topatu AEBetan"

Zertxobait gehiago arakatuz gero, badirudi hainbat gertakizun nahasten direla istorioaren bertsio anitzetan. Batetik, egia da 1908an Chicagon emakume sozialistek bilkura antolatu zutela eta hurrengo urtean New Yorken emakumezkoen boto eskubidearen aldeko manifestazio handia egin zutela. Istorioek nahasten duten elementuetako baten erroa, hiriarena, hor koka dezakegu.

Martxoaren 8aren jatorriari buruzko beste bertsio batzuetan, emakumeen manifestazioa 1907an gertatu zela kontatzen da, eta aipatzen da 1857ko grebaren 50. urteurrena gogoratzeko egin zela. Hortxe, beraz, bigarren elementu nahasia: 1857, 1907, 1908... Iturrietara jo duten historialariek ez dute 1857ko martxoaren 8an inolako emakumeen grebarik edo protestarik topatu AEBetan; baina, aurrerago ikusiko dugun bezala, urte horrek badu bere garrantzia feminismoaren historian.

Ahoz aho ibili da emakume langileak hil ziren suteari buruzko istorioa ere, eta pasarte horrek bere arrakalak baditu ere. Normalean, 1908an gertatu zela kontatzen da; ezinezko gauza da, urte hartako martxoaren 8a igandea eta, horrenbestez, jaieguna baitzen. Bestalde, ezaguna da batez ere emakumeek lan egiten zuten fabrika batean sutea gertatu zela eta hamarnaka langile hil zirela, baina gertakari hura 1911ko martxoaren 25ean izan zen New Yorken, alkandorak egiten zituzten Triangle Shirtwaist lantegian. Are susmagarriagoa da gertaera horren aukeraketa, urte hartan jada emakumeen eguna ospatu baitzen... martxoaren 19an, sei egun lehenago!

"Martxoaren 8a emakume sozialisten ekinbidez sortu zen"

Nola liteke, orduan, emakumeen egunaren jatorriari buruz gehien errepikatzen den gertaera jazo zenean, jada emakumeen eguna ospatu izana? Zer dela eta kokatzen da AEBtan? Zergatik aipatzen da emakume langileen greba edo manifestazioren bat? Martxoaren 8aren jatorria langile mugimenduan kokatzea ez da harrigarria, emakume sozialisten ekinbidez sortu baitzen, baina zer dela eta izan zen horrela?

1932ko martxoaren 8rako sobietar kartela. Iturria: historia-arte.com

 

Sufragistak eta sozialistak

XX. mendearen hasieran sufragismoak ospea irabazi zuen, batez ere Erresuma Batuan. Sufragismoak ideologia liberalaren dogmetako bat zalantzan jartzen zuen, hots, emakumeek ez zutela arrazoitsuak izateko ahalmenik eta, beraz, ezin zutela politika publikoan parte hartu. Gainera, sufragistak izan ziren kolore morea erabiltzen hasi zirenak, haien mugimenduaren sinboloetako bat bezala.

"Sufragistak izan ziren kolore morea erabiltzen hasi zirenak"

Emakumeen Batasun Sozial eta Politikoa (WSPU siglak ingelesez) izan zenak erabaki zuen hiru kolore aukeratzea haien mugimendua ezagun eta identifikagarri egiteko. Talde hartako kide zen Emmeline Pethic-Lawrencek azaldu zuen kolore horiei ematen zieten esanahia: zuria, purutasuna adierazten zuena; berdea, esperantzaren eta udaberriaren kolorea; eta "morea, denek dakiten bezala, erregetzaren kolorea da, sufragette guztiok zainetan daramagun errege odola da, askatasunaren eta duintasunaren sena".

Izan ere, Europan Antzinarotik erabiltzen zen morea, ohoreari eta duintasunari lotuta: senatari erromatarren adierazgarria zen, eta geroago erregetzarena. 1960ko hamarkadan, mugimendu feministak morearen erabilera berreskuratu zuen, mendearen hasierako sufragisten tradizioarekin lotura eraikiz. Bide batez, horren harira ere badago beste istorio gezur irudikoa: morea, mutilen urdina eta nesken arrosa nahastuta, sexuen arteko ezberdintasunak ezabatzeko nahiarekin lotzen duena.

Christabel Pankhurst aktibista sufrafista britaniarraren erretratua. Egilea: Ethel Wright (1908)

 

"54 emakume sozialista bildu ziren, eta alderdi sozialisten programetan emakumeen boto eskubidea txertatu behar zela azpimarratu zuten"

Historiara itzuliz, langile mugimenduaren eta sozialisten artean mesfidantzaz begiratzen zituzten sufragistak –sufragette terminoa mugimendu zehatzagoa izendatzeko erabiltzen da, ekintza zuzenaren bidez haien aldarrikapenak hauspotu zituzten sufragistena–. Sozialistek salatzen zutenez, sufragistek emakume guztiak zaku berean sartzen zituzten, langile zein burges, pobre zein aberats, eta ez zuten zalantzan jartzen gizon-emakume langileak eta bereziki emakume langileak zapaltzen zituen kapitalismoa. Sufragismoa mugimendu burges bezala izendatzen zuten, eta beharrezkotzat jo zuten emakume langileei haien aldarrikapen propioak plazaratzeko bidea eskaintzea.

Izan ere, jada ordurako zenbait intelektual sozialistak –horien artean Friedrich Engels edo August Bebel– teorizatu zuten jabetza pribatuarekin batera sexuen arteko zapalketa ere jaio zela, eta, horrenbestez, sozialismoaren eraikuntzarekin bai klase ezberdintasunak bai sexuen arteko menpekotasun harremanak desagertuko zirela.

1907ko abuztuan, Stuttgarten (Alemania), Internazional Sozialistaren kongresua egin zen. Emakume langileen aldarrikapen zehatzak azaleratu zein horiek sozialismoaren beharrarekin lotzeko asmoarekin, egun batzuk lehenago Emakume Sozialisten Lehen Konferentzia antolatu zen hiri berean. Bertan 54 emakume sozialista bildu ziren, eta azpimarratu zuten gizonezkoek zuzendutako alderdi sozialisten programetan emakumeen boto eskubidea txertatu behar zela, sufragismo burgesari aurre egin eta emakumeen askapenaren aldarria sozialismoari lotuta indartzeko. Horrela, 1908an Chicagon eta 1909an New Yorken antolatu ziren emakumeen egunetan, emakume sozialistek izan zuten ardura eta pisua, tokiko alderdi sozialisten babesarekin.

"Emakumeen eguna urtero antolatzeko ekinbidea Clara Zetkin sozialista alemaniarrarena izan zen"

Adibide horiek kontuan hartuta, emakumeen eguna urtero antolatzeko proposamena 1910ean zehaztu zen, Kopenhagen (Danimarka), Emakume Sozialisten Bigarren Konferenzian. Proposamenaren ekinbidea Clara Zetkin sozialista alemaniarrarena izan zen, baina badirudi urteak zeramatzala ideia hari bueltaka. Izan ere, Zetkinek 1889an parte hartu zuen Parisen egindako Frantziako Iraultzaren mendeurrenean.

Urteurren haren garrantziaz eta indarraz ohartuta, urte berean sortu zen Internazional Sozialistak Maiatzaren Lehena antolatuko zuen handik aurrera Langileen Nazioarteko Eguna. Clara Zetkinek emakume langileen eguna ere egin beharko zela irudikatu ei zuen. Hala ere, 1910eko Emakume Sozialisten Konferentzian ez zuen egun hartarako data zehatzik proposatu.

Clara Zetkin militante sozialista alemaniarra (1857-1933), 1890 inguruan. Irudia: Karl Pinkau

 

1917ko otsailaren 23a

Hurrengo urteetan, otsailean zein martxoan antolatu zuten sozialistek emakumeen eguna. Martxoaren 8aren historian erabakigarria 1917koa izan zen, Lehen Mundu Gerra bete betean gertatu zena. Urte hartako otsailaren 23an, Petrograden, emakumeen eguna zela eta, emakume langileek protestak hasi zituzten bakea eta ogia aldarrikatuz, paradoxikoki alderdi sozialisten babesik gabe, une hartan gizonek zuzendutako alderdi iraultzaileetan ere gehiengoak gerran jarraitzearen alde egiten baitzuen.

"Emakumeen egunari lotuta hasi ziren protestak Errusiako Iraultzaren abiapuntua izan ziren"

Babes hura gorabehera, protestak hedatu ziren, gizonezko langileak ere horietara batuta, eta enperadorea gerrako porroten eta gosearen errudun bezala salatu zuten. Handik egun gutxira, Errusiako tsarrak abdikatu egin zuen. Horrenbestez, emakumeen egunari lotuta hasi ziren protestak Errusiako Iraultzaren abiapuntua izan ziren. Baina non dago martxoaren 8a, mugimendu hura otsailean gertatu bazen?

Ezagun den bezala, garai hartan Errusian juliotar egutegia deritzona erabiltzen zen, Mendebaldeko herrialdeek erabiltzen zutenarekiko zenbait eguneko atzerapena zutela. Horrela, 1917ko otsailaren 23a, Errusiako Iraultzaren hasiera, martxoaren 8a zen gainontzeko herrialdeetan.

Bakearen aldarrikapenaren inguruan langileen zatirik handiena bilduta boltxebikeek Urriko Iraultza zuzendu zutenean –gure egutegian azaroan gertatu zena–, lehen gobernu sobietarra eratu zuten. Hilabete batzuk beranduago egokitu zuen gobernu sobietarrak errusiar egutegia beste herrialdeetakora, eta, modu horretan, martxoaren 8a finkatuta geratu zen Errusiako Iraultzaren hasiera bezala. Ordutik aurrera, komunismoari eta Sobietar Batasunari iltzatuta geratu zen martxoaren 8a.

"1917ko otsailaren 23a, Errusiako Iraultzaren hasiera, martxoaren 8a zen gainontzeko herrialdeetan"

Hala ere, lehen urteetan ospakizunak bertan behera utzi ziren gerra zibilean egin beharreko esfortzuarengatik. Are gehiago, 1921ean ere, gerra bukatuta, zenbait sobietar agintarik Emakumeen Eguna ospatzeak "baliabideak xahutzea" zekarrela salatu zuten.

Horri aurre egin zion Alexandra Kollontaik, une hartan Zhenotdel emakumeen alorreko burua zenak. Hark azpimarratu zuen egunaren garrantzia, eta, hain zuzen ere Kollontairen proposamena bere eginez, Leninek 1921ean bertan izendatu zuen prentsan Emakume Langileen Nazioarteko Eguna bezala. Garai hartan jaiegun ofiziala ez izan arren, egun horretan sobietar emakumeak lehenago ateratzen ziren lanetik urtero, eta desfile eta ekitaldi kulturalak antolatzen zituzten.

Beraz, Martxoaren 8a ospakizun komunista bezala ikusia izan zen urte luzez, II. Mundu Gerra ostean Sobietar Batasuneko eredua jarraituz Europako Ekialdeko herri demokrazietan eta Txina komunistan ere ospatzen zena. Konturatuko zen irakurlea, Martxoaren 8aren jatorriari buruzko zalantzako istorio ezberdinen atzean, egun horren jatorria tradizio komunistatik urruntzeko asmoa egongo zela. Horrek ere badu bere mamia, gaia aztertu dutenek istorio berri horien jatorria komunismoan bertan dagoela adierazi baitute.

Aleksandra Mikhailovna Kollontai errusiar iraultzaile marxista. Irudia: egile ezezaguna

 

Istorio berrien sorrera

Martxoaren 8aren jatorriari buruzko istorio alternatiboak Frantziako Alderdi Komunistaren agerkarietan idatzi ziren lehen aldiz, 1955ean, Nouvelle France aldizkarian eta L'Humanité egunkarian. Bertan kontatu zen lehenbizikoz martxoaren 8an 1857ko emakumeen greba baten urteurrena ospatzen zelako istorioa, zeinaren berririk ez zegoen inon ordura arte. Greba haren berririk egon gabe ere, urtearen aukeraketa ez zen kasualitatea. Urte hartan jaio baitzen nor eta... Clara Zetkin!

"Martxoaren 8aren jatorriari buruzko istorio alternatiboak Frantziako Alderdi Komunistaren agerkarietan idatzi ziren lehen aldiz"

Nahiz eta istorio berria asmatu, hori egin zuenak bazekien Martxoaren 8aren jatorriari buruzko egiazko historia, eta ezin izan zion eutsi hari omenaldi xumea egiteko tentazioari. Mugimendu feministaren erreferentzia bezala 1908. urtea ezartzea ere, egun gehien errepikatzen den data, 1950an agertu zen Nouvelle Francen, Claudine Chomat komunistak idatzitako artikulu batean.

Erabaki harrigarri hura ulertzeko, Gerra Hotzaren testuingurua da kontuan hartu behar dena. Une hartan, Europako mendebaldea antikomunismo zurrunak bustitzen zuen, salbuespenak salbuespen, eta antikomunismoak, Sobietar Batasunaz gain, komunismotik zetorren oro arbuiatzen zuen. Dirudienez, Frantziako zenbait emakume komunistak (Yvonne Dumont, Claudine Chomat, Marie-Claude Vaillant, Julie Dewintre...) emakumeen egunaren ospakizuna berrabiatu nahi izan zuten, eta, hori egiteko, beharrezkotzat jo zuten mundu komunistatik at sortu zen zerbait bezala azaltzea.

Modu horretan, berriro ere emakumeen eguna langile mugimenduarekin lotu zuten, eta, Clara Zetkini omenaldi isila egitearekin batera –bide batez, jakin bazekiten Zetkin erreferente komunista bihurtu zela Errusiako Iraultzaren ondoren–, egun hura zerbait onargarria bihurtu zuten Mendebaldeko giro antikomunista itogarrian. Are onargarriagoa zena, sobietarrekin beharrean AEBtako historiarekin lotzen baitzuen.

"Istorioaren bertsio ezberdinak 1950ko hamarkadan eraiki ziren"

Handik aurrera, behin eta berriro errepikatu zen martxoaren 8aren jatorria AEBtako emakumeen greba batean kokatzen zuen istorioa, eta gutxika elementu gehiago gehitzen joan zitzaizkion, istorioa gero eta adierazgarriagoa bihurtzen zutenak: poliziaren tiroak, balizko greba haren 50. urteurrena, eta fabrikaren sutean hil ziren emakume langileak.

Bazeuden istorio haren atzean AEBtako historiako zenbait benetako gertakari baina, esan bezala, istorioaren bertsio ezberdinak 1950ko hamarkadan eraiki ziren, paradoxikoki, alderdi komunisten agerkarietan lehenengo eta argitalpen feminista zein iraultzaileetan beranduago –hedapen horren pauso zehatzak, zoritxarrez, ezin izan ditut ondo zehaztu eskuragarri ditudan iturriekin–.

2023ko Martxoaren 8ko mobilizazioa, Guardian (Arabako Errioxa). Argazkia: Uxue Olabarria

 

Emakumeen Nazioarteko Eguna

Hala jaso zuen istorio berria 1960ko hamarkadako mugimendu feministak. Feminismoaren olatu berriko kideek eskaini zioten emakumearen egunari –edo, ezker iraultzaileari lotuta zeudenen kasuan, emakume langilearen egunari– garrantzia gero eta handiagoa. Handik urte batzuetara, gizonek zuzendutako erakundeetara ere iritsi zen egun horren garrantzia.

"1975ean, Nazio Batuen Erakundeak Martxoaren 8a mundu osoan ospatzeko proposamena egin zuen"

1965ean, Sobietar Batasunean Emakumeen Nazioarteko Eguna jaiegun ofizial bihurtu zen, eta, 1975ean, Nazio Batuen Erakundeak Martxoaren 8a mundu osoan ospatzeko proposamena egin zuen. Langile izendapena ezabatuta eta sobietarrekiko lotura lausoturik, ordurako inork gutxik lotzen zuen Martxoaren 8a Errusiako Iraultzaren hasierarekin.

Horrela iritsi da gaur egunera arte ere. Hunkigarria da Martxoaren 8aren eta kolore morearen jatorria AEBtako fabrika baten sutearekin eta hamarnaka emakume langileren heriotzarekin lotzen dituen istorioa. Oso indartsua eta adierazgarria izan arren, ez zen halakorik gertatu.

Hala ere, orain funtsezkoa bihurtu zaigun egun horren historia egiteak balio digu konturatzeko zer nolako garrantzia izan zuen mugimendu feministen eta sozialismoaren arteko joan-etorriko bideak, eta zein interesgarriak diren bi mugimenduen arteko elkarguneak zein apurketa momentuak. Zorionez, bai sufragismoaren eta mugimendu feminista ezberdinen bilakaera, bai Errusiako Iraultzarentzat Martxoaren 8ak izan zuen garrantzia, bai Gerra Hotzaren testuinguruan kontakizun berriak sortzeko sentitu zuten beharra, historia aberats horren parte dira.

Martxoaren 8ko manifestazioa Gasteizen, 2023an. Argazkia: ALEA

Iturriak

  • Arruzza, Cinizia (2015), Las sin parte. Matrimonios y divorcios entre feminismo y marxismo, Barcelona, Sylone.
  • Blackman, Cally (2015), "How the Sufragettes used fashion to further their cause", The Guardian, 2015/10/08.
  • Chatterjee, Choi (2002), Celebrating Women: Gender, Festival Culture and Bolshevik Ideology, 1910-1939, University of Pittsburgh Press.
  • Kaplan, Temma (1985), "On the Socialist Origins of International Women's Day", Feminist Studies 11-1: 163-171.
  • Kollontai, Alexandra (1920), "International Women's Day", Mezhdunarodnyi den’ rabotnitz, Mosku. 1972an Alix Holtek itzulia.
  • Kollontai, Alexandra (1984), "International Socialist Conferences of Women Workers", Alexandra Kollontai. Selected Articles and Speeches, Moscow, Progress Publishers.
  • Lenin, Vladimir Ilitx (1965), "International Working Women's Day (Pravda, 1921/03/08)", Lenin Collected Works, Moscow, Progres Publishers.
  • Picq, Françoise (2000), "Journée internationale des femmes: à la poursuite d'un mythe", Travail, genre et sociétés 3: 161-168.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago