Historialari bati eskatuta hauteskundeen emaitzak aztertzeko... nik esango nuke historialariok bereziki kaskarrak garela etorkizunera begirakoak asmatzen. Halere, zenbait zertzelada atzoko emaitzen inguruan, interesekoak izan daitezkeelakoan.
"Abstentzioak erakusten du Eusko Legebiltzarrak sortzen duen atxikimendu eskasa, batez ere alderdi abertzaleei botoa ematen ez dietenen artean"
Jendearen erdiak ozta-ozta parte hartu dituen hauteskunde batzuetako emaitzak kontuz aztertu beharrekoak dira. Ziurtasunak baino gehiago, joerak eta indarguneak adierazten baitituzte. Lehena abstentzioarena bera da, erakusten baitu Eusko Legebiltzarrak jendearen baitan sortzen duen atxikimendu eskasa. Batez ere alderdi abertzaleei botoa ematen ez dietenen artean. Ez zaio gizartearen zati handi bati beharrezkoa iruditu hauteskunde hauetan boza ematea. Ulertzekoa dena, aldi berean, kontuan hartzen badugu COVID-19 gaixotasuna berriro gure artean hedatzen ari dela, eta Eusko Jaurlaritzak ez duela arreta berezirik jarri babes neurrietan, ez eta herritar guztien boza bermatzeko orduan ere.
Hein batean, hordagoa bota zuen EAJk. Hauteskundeak egin egingo dira eta kito. Eta emaitzak beroan ikusiz gero, inoizko emaitzarik onenen pare aritu dira. 1984an izan zuten parlamentari zenbateko maximotik eserleku bakarrera geratu dira. Arabako eta Bizkaiko egunkaririk salduenak titular ederra eskaini die: "PNVk eta PSEk gehiengo handi batekin gidatu ahalko dute krisitik irteera".
"Erabateko gehiengoa eskuineko kudeaketa eredu baten aurka dagoela da hauteskundeen emaitzek erakusten dutena"
Baina nik dakidala bi alderdi horiek ez dira koalizioan aurkeztu. Eta kanpainan zehar jeltzaleek ez dute hitzik esan krisi ekonomiko bati buruz, ezta balizko gobernuak hartuko dituen neurriei buruz ere.
Hori izan balitz eztabaida, titularrak honakoa behar luke: "Ezkerreko alderdiek erabateko gehiengoa dute datorren krisi ekonomikoari politika sozialekin erantzuteko ". Ados jarriz gero, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Ahal Duguk aukera dute Legebiltzarraren bitartez agenda ezkertiar bat markatzeko Eusko Jaurlaritzari. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko jendearen erabateko gehiengoa eskuineko kudeaketa eredu baten aurka dagoela da hauteskundeen emaitzek erakusten dutena. Are gehiago, pentsatuz gero, bozkatzera joan ez den jendea ere ez dela bereziki ezarrita dagoen sistemaren aldekoa.
Zentzu horretan, argi geratu da EAEn, baina bereziki Galiziara begirada joz gero, jada Ahal Dugu ez dela gai boz emaile gazteak edo bere burua apolitikotzat dutenak edo normalean bozkatzen ez dutenak mobilizatzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan espazio politiko bat ordezkatzen du, identitate nazionalak eta ezker/eskuin joerak gurutzatzen diren alderdi sistema berezi honetan 1980ko hamarkadan Euskadiko Ezkerrak eta 1990koan Ezker Batuak ordezkatzen zutenaren antzekoa.
"PPk izan zuen eskuineko langile boza erabat jan du EAJk. Arabar Errioxan ere Alderdi Popularra EH Bilduren atzetik geratu da herri askotan"
Alderdi Popularrak ere badu bere lekua eta argi dago zein. Bide batez esateko, Voxen berbera. Hau da, PP nagusi izan den mahaietan izan ditu emaitzarik onenak Voxek ere. Gasteizko kasuan, elitearen bizitokiak: Ciudad Jardin eta Sendako ibilbidea. Haserrea sortu du jende askoren artean beren burua frankisten ondorengotzat dutenek ordezkaritza lortu izana. Izan daiteke anekdota hutsean geratzea, lehenago UPyDko ordezkariarekin gertatu bezala. Edo Unidad Alavesaren azken hatsekin gertatu legez. Izan daiteke, bestalde, eskuin muturrak duen esperpento mailak EAJren irudi neutroa ere indartzea. Izan ere, garai batean, batez ere Gasteizen, PPk izan zuen eskuineko langile boza erabat jan du EAJk. Arabar Errioxan ere Alderdi Popularra EH Bilduren atzetik geratu da herri askotan.
PSEren kasuan, bere boza langile auzo zaharkituetan kontzentratu da. Gasteizko kasuan, Zaramaga, Abetxuku, Sansomendi, Arriaga eta Arana. EAE oro har begiratuz gero ere, 1980ko hamarkadako revival bat dirudi PSE lehen indarra izan den mahaiak non dauden ikusteak: Otxarkoaga, San Vicente, Musakola, Altza...
"Gai izango da EH Bildu abstentzioko boza mobilizatu eta EAJren emaitzetara hurbiltzeko noizbait?"
Horri lotuta, EH Bildu nagusitu den espazioetako asko PSEren indargune tradizionalak dira. Gasteizen, esaterako, Abetxukuko eta Ariznabarreko zenbait mahai. Auzorik gazteenetan ere EH Bildu nagusi: Zabalgana, Salburua eta Ibaiondo. Esango nuke nik EH Bildu oso urrun dagoela bere topetik. 2016ko emaitzekin konparatuta boz kopuruan gora egin duen indar politiko bakarra izan da. Gakoa hor dago. Gai izango da EH Bildu abstentzioko boza mobilizatu eta EAJren emaitzetara hurbiltzeko noizbait? Ala parte-hartzea igotzen denean gainontzeko alderdiak dira igoko direnak?