Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu eta mugarri bat ezarri zuen abenduaren 14an, Taupa euskaltzaleen mugimendua Bilbon aurkeztuta. Datorrenari buruzko xehetasunak eman dizkiote GOIENAri Taupako koordinatzaile orokor Jasone Mendizabalek (Arrasate, 1968) eta aktibazio arduradun Jon Zapatak (Iruñea, 1996).
Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du, izena eta izana aldatuta.
Jaione Mendizabal: Gizartea eta euskararen erronkak aldatu egin dira, eta horietara egokitzeko gu geu aldatu gara. Euskal Herriko euskaltzaleak saretu nahiz euskaratik urrunago daudenekin konplizitate eta aliantza berriak eraiki nahi ditugu, euskararen erabilerak espazio eta aldeko gehiago izan ditzan. Euskararen erabileraren aroa ireki nahi dugu. Euskararen erabilerak jauzi bat egin dezan premia handia daukagu, eta eszenatoki berri horri begira egokituko ditugu geure buruak.
Hortaz, herri batzuetan aritzetik Euskal Herrira egingo duzue jauzi?
Jon Zapata: Ezagutzan aurrerapauso handiak eman dira eta sekulako aukerak ditugu aurrera egiteko, haurren eta gazteen ezagutza maila nahiko handia delako. Erabileran, aldiz, aurrerapauso txikiak eman ditugu, eta uste dugu bertan eragiteko aurrerapausoak ematea garrantzitsua dela. Euskaltzaleen Topaguneak euskara elkarteekin jardun du urte guztietan zehar, horrek dituen aukera askorekin, baina baita mugekin ere; batez ere, muga geografikoak. Euskara elkarteek Taupako kide izaten jarraitzen dute. Badakigu Euskal Herri osoan eragiteko intentzioa baldin badugu, euskara elkarteetatik harago salto bat emateko beharra dagoela.
Zer bide jarraitu eta ze ondorio atera dituzue prozesu horretan?
J.M.: Batera jauzi laborategian berrehundik gora lagunekin elkarrizketak egin genituen; askotariko sentsibilitateak zeuzkaten hiztunekin eta euskaratik urrunago zeudenekin egon gara. Erabileraren pausoak emateko baldintzak aztertu genituen. Nafarroan hango herritarren aldekotasuna aztertu genuen.
"Euskararen erronkak aldatu egin dira; horietara egokitzeko gu geu aldatu gara"
J.Z.: Nafarroan, inkesten arabera, herena euskararen alde dago; beste herena ez alde eta ez kontra, eta azken herena, kontra. Benetan eragin ahal izateko uste dugu gizartean aldekotasunak askoz zabalagoa izan behar duEla; epel diren horiek hurbiltzeko prozesua eman behar dela, eta horretan ibili gara bi urtean.
J.M.: Azken hamarkadetan 3.000 hiztun irabazi ditugu; asko, eremu erdaldunetan bizi direnak. Euskara erabiltzeko zailtasuna edo eskolan jaso dutena, gero, gizartean bizitzeko kontraesana dago, eta haserre eta min handia dago. Hori guztia kudeatzea dagokigu. Herri gogoa eta hiztunen aldekotasuna lantzeko zer egin behar dugun definitzera eramango gaitu.
Ikusten duzue datorrena erabilera-aroa izango dela?
J.Z.: Uste dugu aurreko belaunaldiek egindako lan ikaragarri horretan ezagutza egon dela erdigunean: D eredua, euskaltegiak... Uste dugu garrantzitsua dela etorkizunean eraldaketa soziala euskaratik etorriko bada, erabileraren aroa erdigunean jartzea eta erabilera areagotzeko baldintzak sortzean zentratzea.
Nola areagotu euskararen erabilera? Nola aktibatu herritarrak?
J.Z.: Euskaltzale izateko, senti tzeko eta erakusteko moduak aldatu egin dira. Lehen gakoetako bat izango litzateke euskaltzaleen mugimenduak hori barnebiltzea, balioa ematea eta behar dituen espazioak jartzea, erabilerak aurrera egin dezan. Ekintzetan hainbeste zentratu baino gehiago, egiteko moduetan zentratu nahiko genuke, gertukotasunetik, harremanak eta zaintza erdigunean jarriz, parte hartzeko modu ezberdinak eskainiz...
Garrantzia eman diozue aniztasunari eta gizarte kohesioari. Alde horretatik, ze egiteko duzue?
"Uste dugu bailara batean hainbeste mugimendu egotea normala dela, baina ezohikoa da"
J.M.: Aniztasuna kudeatzeko, iruditzen zaigu etorri berriak aintzat hartu behar ditugula, eta haiei euskaraz bizi den herri bat garela azaldu: nola hurbildu daitekeen, ditugun tresnak... Justizia sozialetik demokrazian sakontzeko premia handia dago. Ikusten dugu kohesiorako bidea badela hizkuntza, eta euskaldunok gara, ziurrenik, guretzako bide hori egin behar dugunak. Elkarren eskutik egin behar dugu bidea, prozesu horretara gehitu nahi duten herritarrekin.
Ze baldintza aldatu behar lirateke?
J.M.: Politika publikoetan asko dago egiteko. Ez da berdina EAEn daukagun egoera edo Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian dagoena. Akordio soziopolitiko berriak behar ditugula izan da gure hausnarketaren emaitzetako bat, erabileraren aroari bide emateko. Mugimendu euskaltzalea bada erakundeetatik ere egin daitekeen lana. Lanbideak euskalduntzeko premia handia dago; eremu digitalean ere estrategia batekin erantzun behar zaio, euskara pantailetan egon dadin.
Debagoiena prest ikusten duzue oraingoan ere jauzia emateko?
J.M.: EHko aitzindariak izan diren proiektuak daude eta euskara elkarteen mugimenduaren hazia hemen jarri zen AEDrekin; gerora, Arrasate Press-ekin eta Goienarekin... Pentsatzen dugu bailara batean horrenbeste mugimendu egotea normala dela, baina ezohikoa da. Eskuzabaltasun handiz jokatu da hemengo proiektuetatik. Pixka bat zirikatuz gero, gauza berriak sortzeko gai izango gara, eta badago mugimendu indartsu baterako indarra eta kemena.
Albiste hau GOIENA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.