Iban Arantzabal

"Efikazia eta efizientzia handiagorekin egiten dugu lan batuta"

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Madina 2021ko mai. 10a, 10:31

Iban Arantzabal izendatu dute Tokikomeko presidente berria. GOIENA

Tokikomek, tokiko komunikabideen bateraguneak, presidente berria du. Goienako Iban Arantzabalek hartu du ardura hori, Anbotoko Jone Guenetxearen eskutik.

Pasa den astean egin zuen Tokikomek, toki komunikabideen bateraguneak, urteko batzar orokorra, Eibarren. Iazko balorazioa egin eta 2021erako eta aurreragorako asmoak eta helburuak ere izan zituzten hizpide. Batzar hartan gauzatu zen presidente erreleboa ere. Izan ere, azken lau urteetan Tokikomeko presidente izan den Jone Guenetxeak Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi Iban Arantzabali pasa zion lekukoa.

Tokikomeko presidente berria zaitugu. Zer pentsatu zenuen aukera planteatu zizutenean eta ze asmorekin hartu duzu?

Animoarekin hartu beharrean zaude kargua, eta halaxe egin dut. Momentu polita da; badago zeregina, eta ilusioz beterikoa ere bada momentua. Mundu aldakor honetan bagabiltza, zelanbait, posizionatzen, eta, alde horretatik, animoekin eta gogotsu nago. Bestalde, administrazio kontseiluan gutako edozein izan zitekeen presidente, egia esan. Kargua hartzen dut administrazio kontseiluaren eta batzar orokorraren ahobatekotasunarekin, eta hori garrantzitsua da. Nahi nuke tren berean jarraitzea Tokikomeko bazkide guztiok, eta ahaleginduko gara horretan.

Kargua egoera nahiko aldrebesean hartu duzu: 2020an Covid-19ak hankaz gora jarri zuen mundua eta 2021 honetan ere gauzak ez dira guztiz egonkortu. Tokikom bera zer puntutan dago une honetan?

Tokikom enpresa sanoa da, egonkortua, lantalde txiki baina efektibo batekin ari dena lanean. Oso jende ona dauka eta talde-giroa dago. Hori ez da leku guztietan gertatzen. Badauka bere plan estrategikoa, bere misioa zehaztuta eta adostuta. Denon artean adostutakoak dira, eta horrek ere ematen du indarra. Gainera, badaukagu norabidea ere. Alde horretatik, pozik, egia esan. 2020a katramilatsua izan da. Edozein etxetarako izan den moduan, bada, guretzako ere bai. Tokikom osatzen duten bazkide guztientzako eta, bereziki, hedabideendako. 

"Tokikom enpresa sanoa da, egonkortua, lantalde txiki baina efektibo batekin ari dena lanean".

Tokiko informazioaren kontsumoa izugarri igo zen iaz. Baina, era berean, krisi ekonomikoaren ondorioak, publizitate sarreren jaitsierak... horrek ere izan zuen eragina tokiko komunikabideen jardunean. Nola eragin zien 2020ak Tokikom osatzen duten komunikabideei?

Eragin zuzena izan zuen. Batetik, poza eragin zuen. Ze bazen informazioa emateko garai bat, kazetaritza egiteko garai bat, eta horrek balio du baita profesionalendako ere. Ze, jartzen zaitu leku batean, non jendeak ikusi, entzun eta irakurri nahi zaituen. Gure webguneetako bisitak, orokorrean, Tokikomeko guztiak hartuta, %46 igo ziren. Jendea informazio gosez zegoen. Hori da alde gozoa: egiten duzun horri jasotzaileak erantzuna ematen diola. Baina badauka gazitik ere: hori egitea kostatu zaigu %30 gehiago, batez beste. Kazetaritza gastu handiagoarekin egin dugu. Eta hori pisutsua da. Eskatzen du lan gehiago. Zer ez genuen egiten grabazio bat egiteko! Pandemia horrek, hasieran oso ezezaguna zenak, sortu zuen demaseko denbora galera lan egiteko orduan. Gainera, gure kasuan, bazegoen beste kontu bat: hedabideok ezinbestekotzat izendatzen gintuzten, premia biziko ondasun. Bagenuen egiteko bat eta badaukagu: informazioa behar bat da, ez eskubidea bakarrik.

Horrelako egoera batean, Tokikom bezalako talde batek nola lagun diezaieke barnean hartzen dituen kideei?

Ezinbestekoa izan da. Tokikom osatzen dugun hedabideetan denetarik dago, eta, denok gauza bera oinarri ezberdinetatik egiten hasiko bagina, askoz gehiago zailduko litzateke bakoitzaren egitekoa. Toki hedabideetako profesionalek egin duten lana ez dakit bikoitza izan den, baina askoz handiagoa izan dela eta malgutasun hori erakutsi dutela bai. Goienan eta beste edozein hedabidetan berdin, izan txikiagoa edo handiagoa. Tokikomek ekarri du bateratze bat. Pandemiaren datu-bilketarekin azalduta, esaterako: datuak jaso, azkar webguneratu eta konparatu ditugu; herriekin, gure ondoko bailararekin, Hego Euskal Herriarekin, ahal zenean Euskal Herriarekin… eta mapa bat osatu dugu. Gure kasuan, gertuko mapa bat osatzea. Horrek du benetan garrantzia, gertuko datu horrek. Zure herriko datu horrek, baina ez irla bat moduan, Euskal Herria subjektu moduan hartuta. Tokikomek marrazten du Euskal Herria eta laguntzen du, erremintekin, datuen kudeaketarekin, informazioarekin… hainbat modutara. Egun oso nekez ikusten dut gauden tokian egotea toki hedabideok Tokikom ez balego.

"Egun oso nekez ikusten dut gauden tokian egotea toki hedabideok Tokikom ez balego".

Bakoitza bere aldetik joanda…

Bai, bikoitza kostatuko litzaiguke. Edonon oinarria bat izateak asko laguntzen digu, eta hori Tokikomei esker lortzen da. Batuta, askoz eta efikazia eta efizientzia handiagoarekin egiten dugu kazetaritza.

Tokikomeko kideak aipatu ditugu, eta egubakoitzeko batzar orokorraren ostean bi kide gehiago ditu: Tolosaldeko Ataria eta Bizkaiko Arratia bailarako Begitu hamabostekaria. Berri ona, ezta? 

Oso ona, besteak beste, erakusten duelako jendeak nahi duela egon Tokikomen. Zuzeneko harreman horrek berezko garrantzia duelako eta ekarri handia egiten diolako hedabideari. Etorriko dira hedabide gehiago ere, Tokikom beharrezkoa da tokiko hedabideentzako.

Zer azpimarratuko zenuke Jone Guenetxeak lau urte hauetan egin duen lanari buruz?

Jakin du Bizkaian ere eragiten, Tokikomen bitartez. Eta topatu ditu aliantzak erakundeetan. Lehen baino batuago daude, lehen baino hobeto egiten da lan. Ez bakarrik Bizkaian. Jonek oso ondo ordezkatu gaitu gainontzeko erakundeekin ere: Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, eta abarrekin. Datuek argi erakusten dute aurrera egin dela. Orain, kazetaritzara bildu nahi ditu indarrak, eta seguru emango dituela hor ere fruituak. Horratx Anbotok atera duen elkarrizketa Sarrionandiarekin, edo Jantzari dokumentala.

"Elkarri gehiago eman diezaiokegu eta elkarrengandik gehiago jaso dezakegu". 

Zeintzuk dira Tokikomek, bai barrura eta baita kanpora begira ere, dituen erronka edo eginbehar nagusiak?

Uste dut barrura begirako eginbeharreko lan handi bat eginda dagoela, adostu direlako hainbat gauza, baina oraindik ere geratuko zaigu, eta denoi dagokigu, gainera, kohesio hori. Hedabide txikienetik handienera. Hor badago lanerako esparru handi bat. Elkarri gehiago eman diezaiokegu eta elkarrengandik gehiago jaso dezakegu. Uste dut hor asmatzen badugu are eta hobeto joango direla urte hau eta hurrengoak ere. 

Kanpora begira?

Markan ere eragin beharko dugu oraindik. Sinesgarritasunean pauso handiak ematen ari gara. Kanpora begira batuta agertzea ere uste dut tokatuko zaigula talde moduan, eta hainbat informazio ematea talde horretatik abiatuta ere. Adibide gertuko bat daukagu Sarrionandiarenarekin. Anbotok lortu du esklusiba hori. Elkarrizketa hori berori tokiko guztietan batera zabaltzea, seguruenik, irabazteko dagoen kontuetako bat da. Batera zabaltzeko modukoak izan daitezke Euskal Herriko edozein artistaren edo kanpotik datorren dena delako elkarrizketak. Pentsatzen dut horrelako pausoak ere ematen hasiko garela, ze tokiko aldizkaria, telebista edo webgunea ez da bakarrik toki horretakoa. Gertukoa guretzako gaur egun da Goazen!-eko aktore bat edo EITBko informatiboetako aurkezlea edo kirolari ezagun bat. Ez da tokikoa, baina bai gertukoa, eta hori da interesatzen zaiguna.

Etxebarri zure blogean, hedabideei begira etorkizunerako hainbat gako ematen dituzu. Aipatzen dituzu, besteak beste, harpidetza digitala, inteligentzia artifizialaren erabilera, sare sozial handien aurrean hedabideek izan behar duten eginkizuna… Horiek ikusten dituzu gako nabarmen moduan?

Bai, eta ez da nik bakarrik ikusten dudala. Mundu mailako 300 bat profesionali egindako galdeketa baten ostean ateratako ondorioak dira New York Times, Telegraph, Financial Times... halako hedabide handietan, berez guretzako haiengana heltzeko zail izango liratekeen horietan agertzen diren hausnarketak dira. BBCk egindako inkesta batean dago oinarrituta. Han aipatzen da inteligentzia artifiziala. Berez, tokiko hedabide batentzako urrun geratu daitekeen hori gerturatzen digu Tokikomek. Inteligentzia artifizialaz, ez bakarrik hitz egiteko; izan ere, dagoeneko bagoaz hiru urte lanean inteligentzia artifiziala oinarri duen proiektuan, eta horrek emango ditu fruituak 2021ean ez bada 2022an. Elkarrizketa hau berau transkribatu ahal izango da testua makina batek eginda, eta ez kazetari baten bitartez. Horrek ere lagunduko digu kazetari hori are eta garrantzitsuagoak diren gauzetan inplikatzen. Kazetariak behar du are kazetariago izan eta kazetaritzari are eta balio handiagoa eman. Nik uste dut horiek erronketako batzuk direla. Horrekin lotuta, negozio moduan begiratu beharko dugula, nola publizitatea jaisten ari den eta nola harpidetza digitalei garrantzia eman beharko diegun… Hainbat gauza dira inkesta horietan agertzen direnak eta guretzako iparra direnak. Egon behar dugu antena horrekin ere, munduan zer mugitzen den ikusteko eta, moldatuta, gurera ekarri.

"Sinesgarri izateak ere garrantzi handia dauka".

Horrek lagunduko du kazetaritza egiten edo kazetaritza gehiago egiten?

Ez daukat zalantzarik, ze denbora aterako dugu hortik. Gauzak ondo antolatu eta hobetuta ere, beti geratuko da kazetaria eta kazetariaren egiteko garrantzitsu hori. Eta kazetarien egitekoa garrantzitsua eta sinesgarria izango da istorio horiek ondo kontatzen baditugu, onak badira eta erakargarriak badira. Sinesgarri izateak ere garrantzi handia dauka.

Tokikom, nolabait esateko, gizartearen ekosistema baten parte da, hainbat alde dituena: erakunde publikoak, herritarrak eta baita gainerako hedabideak ere; esaterako, Tokikom bera parte den euskarazko hedabide ez publikoen elkartea, Hekimen. Ze harreman dago hiru horien artean?

Herri Ekimeneko Hekimen elkartearen parte da Tokikom. Bazkide bat gehiago da. Sortzaileetakoa. Bigarren aipatu duzu: administrazio publikoa. Goienan ohituak gaude erakunde publikoekin batera jarduten. Sorreratik bertatik jabekide dituelako Debagoieneko udalak. Baina ez da ohikoena izaten hedabide batean hala izatea. Jabekide ez izanda ere, uste dut harremanak goxatu egin behar direla. Bide horretan, administrazioak ere eman ditu pausoak. Hekimenek eman ditu pausoak eta guk, gure aldetik ere, gutako bakoitzak eman ditu pausoak.

Bukatzeko, azken lerroa: herritarrak, Tokikomeko hedabideen kontsumitzaileak direnak.

Eta inportanteena. Zero kilometroko hedabideak gara, eta ez herritarrentzako bakarrik, herritarrekin egin behar ditugu hedabideak. Hor badaukagu zer ikasi. Komunitatea askotan aipatzen da, baina ez dago zehatz definituta, ezta, komunitatearen parte izanik, zer egin behar dugun ere. Oraindik definitzeko eta ikasteko dugu. Honetan estropezu ere egin beharko dugu. Baina planteatu behar dugu komunitategintza bateratua izan dadin, herrietako komertzioekin, herritarrekin, hedabideekin… Ze tokiko hedabide bat, zer da komertzio txiki bat baino. Gu bat gehiago gara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago