Aramaioko eskolak badu eskatutako langile kopurua eta mota

Erabiltzailearen aurpegia Julen Iriondo 2019ko urr. 3a, 17:50

Hala ere, poza ez da erabatekoa, Aramaion denbora zeramaten bi lagun joan egin direlako, eta haien funtzio bera betetzera beste bi etorri. Prozesuan izandako akatsak salatu dituzte, eta herriaren eta eskolaren berezitasunak aintzat hartzeko eskatu dute.

Ekainean etorri zen ezustekoa: administrazioak 2018-2019 ikasturtekoak baino langile gutxiago iragarri zituen Aramaioko San Martin eskolaren ikasturte berrirako; ezustekoa, batetik, jakinarazpen hori arteko prozesuan ez zelako halakorik aurreratu –azaro-abendu aldera aurreikuspen bat ematen du jakitera administrazioak, helegiteetarako tartea egoten da gero, eta urtarrilean aldizkari ofizialean argitaratzen da; eta hor, murrizketarik ez zen adierazi–.

Ezustekoa, bestetik, San Martin eskolakoek beharrezko ikusten zituztelako eskatzen zituzten lanpostu guztiak; eskola bakoitzari irakasleak esleitzerakoan, irizpide matematiko bat erabiltzen dela, baina esleipen hori egiterakoan herri eta eskola bakoitzaren berezitasunak aintzat hartu behar liratekeela diote Aramaioko eskolakoek, ez direla gauza bera herri txiki bateko eskola eta hiriburukoa: San Martin eskola herriko eragile bat gehiago dela diote, beste eragile, elkarte eta abarrekoekin elkarlanean hainbat ekintza eta proiektu egiten dituena. Gainera, hori eredugarri jotzen ei du administrazioak, eta errekurtsoak izendatzerakoan kontuan ez hartzeari kontraesankor deritzote.

Albiste hau Goienak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago