Batuari dagokionez, eta eguneroko ahozko harremanetarako euskalkiarekin ondo moldatu arren, zenbait egoeratan baliabide hori izatea ere komeni izaten dela-eta egingo dute lanketa; bestetik, zuzen idazteko –mezu elektroniko bat, adibidez– trebetasuna ere landuko dute: "Guk idazten ez dugu inoiz ikasi, eta poliki-poliki trebatu nahi dugu idazten, komunikatzeko beste modu hori ere aukeran izan dezagun. Whatsappez-eta ibiltzen gara, baina hanka-sartze asko egiten ditugu. Bestetik, ahozkoari dagokionez, kanpoko inori harrera bat egin beharko banio, adibidez, arazoak izango nituzke", dio Migel Loitik, Aramaioko Alaiak erretiratuen elkarteko presidenteak.
Horren harira, ondorengoa dio Loitik: "Arabako erretiratuen elkarte guztiek topaketa bat egiten dugu, urtero leku desberdin batean. Aurten, Bastidan egin da, eta batek esan zidan egunen batean Aramaion egin behar dugula. Eta zergatik ez? Baina nahiko nuke kanpotik etorriko balira harrera bat egiteko modua edukitzea".
Albiste hau GOIENAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.