Argia ikusi berria da Gotzon Aurrekoetxea, Jesus Mari Makazaga eta Txipi Ormaetxea editore dituen Axular eta 'Gero' Patxi Salaberriren pasio izeneko lana. Erretiroa hartu eta EHUko filologia irakasle legez bere ibilbidea amaitzean, lankide eta lankide izandako batzuek erabaki zuten aramaioarrari omenaldi moduko bat egitea, eta Salaberrik urteetan Gero lanari buruz argitaratutako artikuluak liburu batean jasotzea, haren "ekarpenaren garrantziaz" jabetuta; editoreek diote artikuluok "funtsezkoak" direla "Axularren liburuaren gorabeherak gaur egun hobeto ezagutzeko".
Zenbat ordu eskaini ote dio Patxi Salaberrik Gero-ren azterketari... Orduetan zaila, baina orri kopuruan neur daiteke Salaberriren lilura: 900 orriko liburua osatu dute aramaioarraren artikuluekin.
Salaberri eta 'Gero'
Oso eskertuta dago Patxi Salaberri ideia hau izan eta gauzatu dutenekin, "polita" iruditu zaio egin dutena: "Sakabanatuta geratzen dira bestela horrelako lanak, sakabanatuta eta gehiengo batengana iristea zail dutela. Aldizkari espezializatuetan edo hedapen txikikoetan daude, eta orain denak batera izatea, niretzat bai, zoragarri ederra da, baina Axularrengan interesa duenarentzat ere interesgarri izan daiteke, bilduta aurkitzea eta ez aldizkarien atzetik ehizan bezala ibili behar izatea".
Lan akademikoak eraman zuen Salaberri Axularrengana, gogo batetik abiatutako lan akademikoak: "Nik Axular hobeto ezagutu nahi nuen. Karreran ikasten denarekin, normalean, ez da nahikoa izaten autore bat ulertzeko". Dio Gero-k erakartzeko arrazoietako bat dela aztertzea nola "mantendu daitekeen denboran gazte horrelako liburu bat –jende guztiarentzako ez da izango, seguruenik, baina mantentzen da–". Tesia egin zuen horren inguruan, eta gai horrekiko "amodioa" sortu zitzaion. Eta azken 25 urteetan jarraipena eman dio lan horri.
Gero-ren gaztetasun-erako –1643an argitaratu zen– gakoak, beraz, zeintzuk dira? "Ez da gaia, liburu azetikoa da, erlijiosoa, ez dakit horrek asko liluratzen gaituen gaur egun, baina hizkuntza ikaragarria dauka; ni ez naiz urpekaria, baina ur aratz, garden eta garbi horietan sartzeak eta arrainak nonahi ikusteak –koloretakoak...– antzerakoa behar du, hori eskaintzen du Axularren testuak, ikaragarrizko hizkuntza aberatsa, molde eta inflexio guztiak erabiltzen dituena; benetan liluragarria". Eta hori jendeari ikusten laguntzea izan da Aramaioko filologoaren ahalegina, bere artikuluen bitartez.
Beste gauza batzuk ere nabarmentzen ditu Axularri buruz; egiten dituen jolas fonikoak, adibidez. "Idazten duenean, idazten du, barkatu baina, belarriarekin. Bere esaldi guztiak oso ondo kalibratutako esaldiak dira, oso ondo neurtutakoak eta baloratutakoak. Ematen du sermoirako prestatutako testuak ere izan zitezkeela, eta belarriaren galbahetik pasatzen zituela lehendabizi: Nola geratzen da hau? Nolako oreka dauka esaldi honek? Nola entzungo dute eta nolako efektua sortuko du? Kontuan hartu behar da haren prosak efektua sortu nahi zuela jendearengan, hunkitu, barnea mugiarazi, kristau on bilaka zitezen", dio.
Azkenaldikoak, berriz, ikerketak izan dira, bestelakoak, jakiteko zein iturritatik edaten zuen Axularrek. Lagunek atondutako lanarekin –"egin didaten oparirik ederrena"–, itxitzat eman du Salaberrik Axularren obrarekiko bere jarduna, nahiz eta erabat ez baztertu inoiz itzultzea; agian, gero, geroago.