Martxoaren amaieran Aramaioko Udalak onartutako aurrekontuetan bi inbertsio esanguratsu aurreikusi zituzten Bañera parkeko ingurunerako. Alde batetik, ur parke bat egitea; 110.000 euro bideratuko dira egitasmo horretara. Eta bestetik, gaur egun jolas parkea dagoen inguru hori berrantolatzea, parte-hartze prozesuarekin herritarren iritziak jakin eta gero.
Ekainaren erdialdean argitaratu zen lehenengo egitasmoaren lizitazioa; eta bigarren proiektua aurrera ateratzeko ere lanean dabiltza. Hiritikat eta Olgeta enpresak kontratatu ditu Udalak prozesua aurrera eramateko –5.203 euroko kostuarekin–, eta horietako kideak askotariko batzarrak egiten ari dira asteotan. Eskolako ikasle, irakasle eta jantokiko langileekin egindako bileren ostean, umeekin batera parkea erabiltzen duten edo erabiliko luketen gurasoekin ere elkartu dira dagoeneko.
Aterpe baten beharra
Bilera horretan bildutako gurasoei eskatu zieten gauzetako bat izan zen parkerako proposamenak egitea, euren beharren araberako proposamenak, ez umeen ikuspegitik egindakoak. Horrela, aterpe baten beharra izan zen gehien errepikatu zena; izan ere, eguraldiak eragin handia du parkearen erabileran: euriak, batetik, baina baita eguzkiak eta hotzak ere, udan oso inguru beroa eta neguan oso hotza delako hura.
Egindako beste proposamen batzuk izan ziren umeen zaintzan dauden bitartean eroso eta goxo egoteko leku bat prestatzea –gaur egun, mahaiak jolaslekutik urrun daudela eta jolasleku ondoko harrizko jarlekua egokia ez dela adierazi zuten, adibidez–, eta haurrak parkean jolasean ari diren bitartean gurasoek ere ariketa egiteko baliabideak jartzea; rokodromo bat edo eliptikak, adibidez.
Espazioen antolaketa eta diseinuaz arduratzen den Hiritikat enpresako Ibai Esteibarlanda arkitektoaren arabera, nahi dutena da askotariko herritarren harremanerako izan ahalko den gunea prestatzea; Olgeta enpresako Itsaso Pagoagaren funtzioa, berriz, parkeak –kasu honetan bai, umeentzako– izan ditzakeen espazio eta elementuen ezaugarri pedagogiko egokienak aukeratzea da.
Abuzturako diseinu proposamena prestatu eta urtea amaitu baino lehen parkea egitea da hasierako asmoa.