Sabin Salaberrik (Aramaio, 1934) bere lanetan euskarari "leku nabarmena" egin diola beti zioen Euskaltzaindiak haren izendapena argudiatzeko. Apaiz izandakoa, liturgiarako euskal musika egiten ibilia da, besteak beste; Gasteizko kontserbatorioan euskarazko eskolak bultzatu zituen. Musika idazten du oraindik tarteka, abesbatzaren bat zuzendu noizbehinka, musikari buruz artikuluak idatzi eta eskolaren bat eman ere bai.
Zergatik diozu ohore handiegia iruditzen zaizula izendapena?
Ze ni musikaria naiz. Eta bai, asko maite dut euskara, eta nire bizitza osoan euskarari uste dut laguntza handia eman diodala; hau da, Araba abesbatzaren bitartez, Araban euskarari nahikoa bultzakada indartsua eman diogula, eta nahikoa lan egin dut euskal liturgiarako musika sortzen eta erakusten ere. Baina ez dakit hori nahikoa meritu baden halako ohore bat jasotzeko. Horrelako lanak beste pertsona askok ere egin dituzte.
Araba abesbatza aipatu duzu. Abesbatza sortu eta zuzendu zenuen; zein izan zen haren bitartez euskarari egindako ekarpena?
Momentu haietan Araban euskara alde batera utzita zegoen. Jende askok, agintariek-eta esaten zuten Araban euskararik ez zela hitz egiten; besteak beste, nire nagusia zen gotzainak, Peralta Ballabrigak, esaten zuen nola Araban ez zen euskararik hitz egiten, ez zela liturgiarako lanik egin behar, eta horrelako gauzak. Eta guk esaten genuen baietz, Araban euskaraz egiten zela; eta nik esaten nuen: "Ni arabarra naiz, nire gurasoak arabarrak izan ziren, nire semealabak arabarrak dira, eta denek euskaraz hitz egiten zuten, hitz egiten dugu eta hitz egingo dugu".
Abesbatzarekin euskarazko abestiak zabaldu zenituzten, ezta?
Bai. Garai hartan euskal musikak bultzada handi bat jaso zuen: Ez Dok Amairu sortu zen, Gorka Knörrek euskaraz abesten zuen... eta guk pentsatu genuen, horiek bakarlariak zirenez, guk talde bezala, abesbatza bezala, kantu errepertorioari berritu bat eman geniezaiokeela, kantu berriak sortuz, momentuko egoera kontuan hartuz, eta horrela hasi ginen. Zentsurak ez zigun uzten gure errepertorio erdia abesten, baina lan horretan nahikoa saiatu ginen, bai.
Eta ze kantu ziren hor kantatzen zenituztenak?
Adibidez, kantu bat zen Gora Araba, esaten zuena Araba euskal izenez betea dagoela, herri izenetan, mendi izenetan, toki izenetan... eta Araba euskalduna zela, azken finean. Hori izan zen abesti bat goiko mailetan ez zena onartua izan. Beste bat da Gurea da etorkizuna, eta hori gaur egun ere asko abesten da. Beste abesti bat, herrikoia zena, baina guk beste modu bat eman genion: Mendirik mendi, dioena Ederra da gure herria, maite dugu bihotzetik, ez da ludian hoberik. Eta horrek ere haginka apur bat egiten zuen agintarien artean, batik bat; orduan agintari frankistak zeuden, oso indartsuak, gainera, eta begirada sartzen zutenak edozein ekitalditan, zer egiten zen jakiteko.
Frankistak aipatu dituzu, eta 1969an Francoren aurrean jarduteari uko egin zenion Gasteizko katedralaren inaugurazioan.
Antolatzaileek pentsatu zuten Franco gonbidatzea, eta niri abisatu zidaten pentsatu zutela nik zuzentzen nituen abesbatzek ekitaldi hartan jardutea, nik zuzenduta. Hori jakin nuenean, desagertu egin nintzen, eta hor egon nintzen nonbaiten. Nire bila ibili ziren, baina kanpoan nintzen. Itzuli nintzenean, gauza bat zela eta beste bat zela, pasaporterik gabe geratu nintzen, gotzainarekin haserretu nintzen... Araba abesbatzarekin eta Gasteizko seminarioko abesbatzarekin zen hori.
Ez zenuen batere gogorik Francoren aurrean abesbatzak zuzentzeko....
Nola egingo nuen, bada, hori?! Nire aita zigortua izanik, nire anaia nagusiak ere bai... eta ni bere aurrean zuzentzen? Ez, ez, ez, inolaz ere ez.
Gotzainarekin ere gorabeherak, hortaz...
Alde batetik, elizbarruti bakoitzetik musikari bat aukeratu zuten eta batzorde bat sortu zen euskal liturgiarako euskal abestiak sortzeko; Araban ni aukeratu ninduten, baina gotzainak ukatu egin zidan aukera hori, eta, gainera, debekatu egin zidan batzarretara joatea: Araban euskararik ez zela hitz egiten eta batzorde horretan ez zela arabar beharrik. Eskerrak Iruñeko artzapezpiku zen Cirardak esan zuela arabar bat behar zela eta babestu eta onartu ninduela. Gero, Donostiako gotzain Setienek ere onartu ninduen, eta eurei esker jardun nuen. Niretzat, gainera, oso pozgarria zen euskal liturgiarako musika polit batzuk sortzea, gogoko lana nuen hori.
Gasteizko kontserbatorioan ere izan zinen zuzendari 1981 eta 1985 artean, eta han ere egin zenion ekarpena euskarari.
Bai, euskara zekiten irakasleak bilatu eta kontratatu genituen, kontserbatorioko eskoletan euskara erabili zedin; ze, ordurako nahikoa ikasle zeuden ikastoletatik-eta zetozenak. Irakasleak genituen Poloniakoak, Errumaniakoak... Baina irakasle berriak bilatzerakoan saiatu nintzen euskaldunak bilatzen.
Irrati esatari ere ibilitakoa zara.
Gasteiz Irratian 25 urtez izan nintzen asteroko programa batekin, eta han ere saiatzen nintzen beti zerbait euskalduna sartzen, edo zerbait euskaraz hitz egiten.
Ez dakit ezagutzen ote dituzun zurekin batera ohorezko euskaltzain izendatu dituztenak eta haietakoren baten baten gainean ezer esango zenukeen.
Pello Zabala dut oso laguna, eta asko poztu nintzen bera ere hor egoteagatik.
Manuel Lekuona saria ere eman zizun Eusko Ikaskuntzak duela hamar urte; orain hau... pozik egotekoa da.
Hura musika arloko lanagatik eman zidaten. Eta hau, esan dizut, ez dakit merezitako ohorea den; bestea ere ez, baina hau are gutxiago.