Herri jakintza helburu, Herri Curriculuma

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Azurmendi 2018ko urt. 4a, 17:20

Sekuentzia didaktikoaren irudi bat. /Goiena

Aramaioko Herri Curriculuma aurkeztuko dute datorren hilaren 12an, kultura etxean, 18:30ean; hainbat eragile eta herritar elkarlanean egiten ari diren proiektua da.

Hirugarren ikasturtea da hau Aramaioko Herri Curriculuma (AHC) lantzen hasi zirenetik. Udala, San Martin Eskola eta Guraso Elkartea dira ekimen horretan parte hartzen ari diren eragileak, interesa erakutsi duten beste hainbat herritarrekin batera. Ondorengo galderari erantzutea da AHCren helburua: "Zer jakin beharko luke 12 urteko aramaioar batek Aramaiori buruz?".

Galdera hori oinarritzat hartuta, arlo desberdinak izango dituen dokumentua garatzen ari dira –Aramaioren historia, kultura, tradizioak, balioak, jarrerak, nekazaritza eta abeltzaintza moduak, eta abar–. "Nolabait da herria eskolan sartzea eta eskola herrira ateratzea", azaldu du Mari Karmen Garridok, San Martin eskolako ikasketaburu eta AHCko kideak.

Orioko Herri Curriculuma hartu dute erreferentzia moduan Aramaiokoa garatzeko. Hala ere, alderantzizko bidea erabiliz. "Orion alde tekniko guztia aztertu ondoren garatu zuten sekuentzia didaktikoa. Guk, berriz, lehenengo, sekuentzia didaktikoa egin dugu, eta orain, apurkaapurka gaineko aterki hori guztiori diseinatzen joan gura dugu", adierazi du AHCko kide Iker Elexpuruk.

Dagoeneko garatu dute sekuentzia didaktiko bat eskolan, Aramaioko elikadura iraunkorraren gainekoa, hain zuzen, eta, pixkanaka, geroz eta gehiago garatzen joango dira. "Urteak aurrera joan ahala, informazio hori guztiori dokumentatuta eta jasota geratzen bada, kanpoko irakasle batek bertara jo ahal izango du edozein zalantza argitzeko eta ikasleei behar duten informazioa modu egokian emateko", dio Itziar Blazquezek, AHCko beste kide batek. Sekuentzia horiek irekiak izan daitezela nahi dute: "Sekuentzia itxiek ez dute zentzurik eta beste herri batzuetan frogatu da ez direla erabilgarriak".

Herritarren testigantzak

Herri Curriculuma garatzen joateko, beste esparru garrantzitsu bat adinean aurrera doazen horien testigantzak jasotzea da, eta izango da. "Herritarrek egin ditzaketen ekarpen guztiak dokumentu batean jaso gurako genituzke –herriaren historia, tradizioa eta ohitura zaharrak, adibidez–, bai grabazio bidez, baita idatziz ere, etorkizun batean testigantza horien beharra izanez gero kontsultatu ahal izateko", azpimarratu du Elexpuruk.

Proiektu hori gauzatzeak Aramaioko herriarentzat garrantzi handia daukala nabarmendu dute. "Askotan, eskola arautuetan garrantzitsuak diren beste gauza asko erakusten dira, baina bertakoa dena ez. Beraz, ahozko transmisioaren eten hori gainditzeko eta herritarrok Aramaioren garrantziaz jabetzeko tresna interesgarria da AHC", dio Lierni Altuna alkateak. Bestalde, Asier Agirre nekazariak derrigorrezko pausotzat dauka proiektu honen garatzea. "Eskolan ez da ikasten eguneroko bizitzan herrian daukaguna, egiten duguna, nondik bizi garen, eta abar. Alde horretatik, beharrezkoa da eskola mailan gauza hauek irakastea", dio. Bestalde, Larraitz Arriolabengoa musika irakasleak kultura arloan jarri nahi izan du arreta: "Aramaiok bertso eta musika munduan izan duen afizioa eta emankortasuna azpimarratzekoa da, eta hori umeei azaldu egin behar zaie".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago