Gasteizko jaietarako aste bete falta da eta beste urte betez GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ezin dugu parte hartu txosnetan. Urte osoan zehar irtenbide bat lortzeko egon diren proposamen guztiei muzin egin diote Txosna Batzordeko zenbait eragilek, eta gurekin elkartzea ere alde batera utzi da.
Egoera horrela egonik, bost urtez luzatzen ari den egoera salatzeko eta txosnagunean parte hartzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko protesta kanpaldi bat antolatu genuen asteazkenean Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan gertatu zena denok dakigu: poliziaren kargak, lau atxilotu, hamarretik gora identifikatu eta hamarnaka zauritu.
Azken gertakariek egoera, konpondu beharrean, larritzen ari dela agerian besterik ez dute utzi. Eragile batzuen arrazoi politiko partikularrengatik Gasteizen borondatez lan politikoa egiten dugun antolakundeoi txosnetan parte hartzea ukatzeaz gain, jai hauetara begira dugun egoera sostengaezina izan daiteke: txosnetatik kanporatuak egoteak arriskuan jartzen du abuztuak 4an antolatu dugun txosna muntaketa, Txosna Batzordeak baitauka jaietan Campuseko espazio publikoa erabiltzeko baimen bakarra. Horrela, poliziak kanpaldian izandako jarrera ikusita, abuztuaren 4an Letren Fakultatean Andre Maria Zuriko irudi berdinak errepikatu daitezke.
Gertatu daitekeenaren aurrean, uste dugu jai hauen aurretik irtenbide bat adosteko ardura hartu beharrean gaudela guztiok. Honengatik, Txosna Batzordeari, larunbatean helarazi genizuen bezala, jaien aurretik gurekin elkartzeko eta jaietarako irtenbide bat adosteko eskaera egiten dizuegu. Guk konponbidea bilatzeko prestutasun osoa adierazten dugu eta espero dugu jaien aurretik egoera gainditzeko aukera izatea. Bada garaia urte gehiegiz luzatzen ari den betoarekin amaitzeko. Bada garaia guztioi horrenbeste buruhauste eta denbora xahutzen dizkigun egoera hau atzean uzteko.
Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatua.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.