06:45. Esnatu, jantzi. Hamar minutu dituzu lanera joan aurretik, hamar minutu zuretzako, hamar minutu inoren aurrean konturik eman behar ez duzula; hamar mintutu eskas gaileta kafean busti eta aktualitateaz zertxobait irakurtzeko.
"Gasteizko Udalak 121.000 euro inbertituko ditu segurtasun kamera berrietan"
"Gasteizko Udalak 121.000 euro inbertituko ditu segurtasun kamera berrietan, kriminalizazio eta bandalismoaren aurka egiteko, eta 2023an instalatuko dira. Inteligentzia artifizialean oinarriturik daude, eta puntako teknologia eskainiko omen dute. Izan ere, 300 metrotara 360 graduko ikusmena izango dute, eta pertsona zein ibilgailuak identifikatu, edukierak neurtu eta polizia ohartarazi dezakete".
Lanera zoazela, irakurri duzun berriaren inguruan hausnartzen duzu. Ustezko segurtasunaren aitzakiapean, a zer nolako diru kantitatea xahutzen duen udalak bigilantzia gailuetan!
Berriak, baina, ez zaitu inondik inora harritu, eta, hala ere, izerditan hasi zara. Aztoramendua nabari duzu gorputzean, albisteak duela hilabete batzuk Udaltzaingoarekin izan zenuen liskarra ekarri baitu zure gogora. Lagunekin kalean zeundela, "jarrera ez zibikoa" eta "zalaparta sortzen"ari zinetela zioten. Aurreko horretan, bodycam-a zeramatela ohartuta, berehala isildu zinen, gerta zitekeenaren beldurrez.
Lanetik atera zara, ohi baino petralduago (nagusiaren begiak izan baituzu epaile uneoro), eta etxerako bidean erosketak egin behar dituzula gogoratu duzu. Zuhurtziaz pentsatu duzu zein diren beharrak: gaur, 20 euro baino ez erosketak egiteko. Supermerkatuan sartu eta dauden kamara berrietaz ohartu zara, baita atzean duzun segurata berriaz ere. Ordaintzeko ilaran, aurretik doan gizonari poltsikoak arakatu dizkio. Antza denez, haragi xerra bandeja bat zeraman ordaindu gabe. Gaitzerdi gaurkoan ez naizela ni izan.
"Zer dugu galtzeko guztia galduta daukagunok?"
Etxera ailegatu zara, eta berriak irakurtzen hasi zara. Krisi testuinguru honetan, ustezko segurtasuna helburu duten teknologia berrien garapenaren inguruko dozena bat berri, berriz ere. Azkena Ertzaintzaren bideo-bigilantziarena izan da, zeinak dioen 300.000 aurpegi eta 590.000 aztarna eguneratu dituztela haien informazio sisteman, jendea manifestazio zein ekitaldi jendetsuetan atxilo dezaten.
Ez da aparteko eguna izan, ez baitzazu aparteko ezer gertatu. Eta, hala ere, bada zuregan ezinegona, beldurra. Bat-batean, berriak irakurri eta egunaz pentsatu duzun unean, dozenaka galdera etorri zaizkizu burura:
Zergatik daukat zelatapean bizi naizelako sentsazioa? Nire bizi baldintzak okertzen diren bitartean, zergatik sentitu behar naiz kriminala banintz bezalaxe? Ustezko segurtasuna eta ongizatea bermatu behar duten bigilantzia gailu eta nerri hauek zergatik ez didate beldurra baino ematen? Garapen teknologikorako mekanismo hauek egiazki zer interes dute atzetik? Nork nahi du nor kontrolpean eduki?
Zer dugu galtzeko guztia galduta daukagunok?
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.