2016/04/05 20:30
Willis Drummond taldeak hartutako parentesia baliatu du Jurgi Ekizak bere lehen bakarkako diskoa argitaratzeko. Bere barneko sentimendu guztiak dantzan jarri dituen urtebeteko sorkuntza lanaren ostean publiko aurreko emanaldiei era akustikoan ekin die. «Kanta batzuk oso biluziak dira. Niretzat ezohikoak diren kantatzeko molde batzuk erakusten nituen lehen aldiz. Eta batez ere hitzengatik, letrak biziki pertsonalak baitira». Aspalditik gordetako kanta eta musikak lotuz eta musika tresnak josiz hasi zuen bere bakardadeko prozesua, bakardadea izan baita disko hau ekoiztean azaleratu zaion sentimendu sendoena, aldaera on zein txarrean. Honek bere buruari hainbat galdera egitera bultzatu du Ekiza. Galdera eta sentimendu horien gauzatzetik sortu da bH036-DG diskoa. Jurgi Ekizak apirilaren 5ean Gasteizko Parral tabernako publikoari eskainiko dizkigu diskoa grabatzera eraman zuten aldarte eta emozio horiek.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.