Denboraldi berria abiatu du Gauekoak gazteentzako aisialdi programak

Erabiltzailearen aurpegia Gauekoak 2026ko otsailaren 9a

Ekainaren 13ra arte, 22 jarduera izango dira, tartean asinoterapia. Argazkia. GAUEKOAK

Gasteizko gazteen aisialdirako eskaintza berritu dute. Bi ekintzekin estreinatuko dute denboraldia otsailaren 21ean. Goizean, makrame lantegia izango dute Aldabe gizarte etxean, eta 19:30ean, 'La Dama Capitán' antzezlana, Federico Garcia Lorca antzokian.

Gazteei zuzendutako aisialdi osasuntsu eta alternatiboa sustatzeko helburuarekin, udaberri-udako programazioak 22 jarduera eskainiko ditu ekainaren 13ra arte. Programazioa gazteekin elkarlanean diseinatu dute, eta lantegi artistikoak, irteerak, ekintza eszeniko eta kulturalak, sukaldaritza sortzailea, gitarra ikastaroa eta euskal dantzak barne hartzen ditu.

Ekintza guztiak doakoak dira eta, aurrekoan bezala, denboraldi honetan ere pertsona bakoitzak gehienez hiru jardueratan izena emateko aukera du. Kontuan izan, entradium-en bidez kudeatutako ikuskizunak eta irekiera librea duten ekintzak ez direla muga honetan sartzen.

Lehen jardueretan izena emateko aukera pasa den ostiralean (otsailak 6) ireki ziren; besteetarako, berriz, izen-emateak pixkanaka zabalduko dira datozen asteetan. Izen-emateak Gasteizko Udalaren webgunearen bidez egingo dira.

Programazioak gazteen parte hartzea eta aniztasuna sustatzea du helburu, gustu eta interes ugaritara egokitutako proposamenekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago