Gauekoak gazteentzako aisialdi programak denboraldi berria abiatuko du irailaren 19an

Erabiltzailearen aurpegia Gauekoak 2025eko irailaren 4a

Gasteizko gazteen aisialdirako eskaintza berritu da. Kbless eta Javidier taldeen kontzertuek emango diote hasiera Gauekoak programaren denboraldi berriari, datorren irailaren 19an, ostirala, 20:00etan, Falerinako lorategian.

Gazteei zuzendutako aisialdi osasuntsu eta alternatiboa sustatzeko helburuarekin, udazken-neguko programazioak 24 jarduera eskainiko ditu, guztira 340 plazatik gora, abenduaren 20ra arte. Programazioa gazteekin elkarlanean diseinatu da, eta lantegi artistikoak, irteerak, ekintza eszeniko eta kulturalak, ipuin lehiaketa, sukaldaritza sortzailea, musika elektroniko ekoizpen saioak eta bideo-jokoen txapelketa barne hartzen ditu.

Ekintza guztiak doakoak dira eta, berrikuntza gisa, denboraldi honetan pertsona bakoitzak gehienez 3 jardueratan izena emateko aukera du.

Lehen jardueretan izena emateko aukera irailaren 8tik aurrera izango da; besteetarako, berriz, izen-emateak pixkanaka zabalduko dira datozen asteetan. Izen-emateak Gasteizko Udalaren webgunearen bidez egingo dira.

Programazioak gazteen parte-hartzea eta aniztasuna sustatzea du helburu, gustu eta interes ugaritara egokitutako proposamenekin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago