Galder Beramendi

"Plazeraren inguruan oraindik ere dauden estigmei erantzun bat emateko jaio da Kink"

Erabiltzailearen aurpegia Gauekoak

Harrikako kidea da Galder Beramendi. Argazkia. G.B

Izaskun Arrue Kulturguneak hartuko du Kink, Harrika kolektiboaren eta Gauekoak programaren arteko elkarlanetik sortutako diziplinarteko ikuskizuna. Shibaria, musika esperimentala eta poesia... dena gorputzetik eta desiretatik abiatuta, gozamenaren eta eraldaketaren alde.

Galder Beramendi, Harrikako kidea, gurekin mintzatu da Kink-en jatorriaz, sorkuntza kolektiboaz eta kontrakultura queer-aren beharraren inguruan.

Zer da Harrika? 

Harrika kultur kolektibo bat da, espazio alternatiboak sortu eta birpentsatzeko helburua duen taldea. Ikuspegi queer eta transfeminista batetik abiatuta, artea, musika elektronikoa eta gorputzak ardatz dituen programazioa lantzen dugu, betiere gozamena, esperimentazioa eta transgresioa erdigunean jarriz. Harrikaren bidez Gasteizen ohikoak ez diren proposamenak mahai gainean jartzen ahalegintzen gara. Gainera, hilabetero jaialdi bat antolatzen dugu Jimmy Jazz aretoan, eta bertan nazioarteko artista bereziak izaten ditugu. 

Zein da gizartean izan nahi duzuen eragina?

Plazera, desira eta gorputzak modu libre batean bizi daitezkeela landu nahi dugu, eta horretarako espazio seguru eta ahalduntzaileak sortu nahi ditugu. Tabuak hautsi, lotsak alde batera utzi eta gure identitateak aske bizi ahal izateko tresnak eskaini nahi ditugu. Azken finean, sistema heteropatriarkalaren aurrean kontrakultura queer bat sendotzea izango litzateke izan nahiko genukeen ekarpena. Azken aldian, zoritxarrez, ugaritzen ari diren eskumako korronte erreakzionarioei aurre egin, harrotasunez erantzun eta espazio askeak sortzen jarraitzea da guk landatu nahi dugun aletxoa. 

Nola eta zer helbururekin sortu da Kink?

Kink Harrikaren barruan izandako disziplinen arteko hartu-emanen ondorioa da. Plazeraren inguruan oraindik ere gizartean dauden beldur, estigma eta isiltasunei erantzun bat emateko asmoz jaiotako egitasmoa da. Gure gorputzak, desira eta gozamenak erdigunean jarrita, shibaria, musika elektronikoa eta hitza uztartzen dituen ikuskizun ausart eta apurtzailea proposatzen dugu. Kink ez da bakarrik arte proiektu bat, baizik eta jendarteari bestelako ikuspegi bat eskaintzeko gunea ere bai.

Zein izan da Kink aurrera eramateko prozesua?

Galdera ona… jajaja! Hasieratik sorkuntza kolektiboa landu dugu. Hasiera batean testu ezberdinen bilduma bat egin nahi genuen arren, azkenean testuak guk geuk idatzi ditugu, bizitzaren momentu ezberdinak biltzen dituen hiru narrazio eta horiek izango dira ekitaldiaren hezurdura. Shibariari dagokionez, artistek zehaztu dituzte ikuskizunaren nondik norakoak, eurak izango baitira ikuskizunaren erdigunea. Eta azkenik Lohi Ensemble-ko taldekideek "instrumentu" berri bat sortu dute, metalezko xaflen bitartez soinua sortzen duena eta hori izango da Kink girotuko duen musika esperimentala. Prozesu kolektiboa eta zaindua izan da, diziplinarteko elkarrizketan oinarritua.

"Kink egitasmoa gorputzaren, soinuen eta hitzaren bidezko esplorazio sakona da"

Zergatik shibaria, zergatik elektronika eta zergatik poesia?

Kink egitasmoa gorputzaren, soinuen eta hitzaren bidezko esplorazio sakona da. Shibaria, musika elektronikoa eta poesia ez ditugu kasualitatez aukeratu; bakoitzak desira askearen eta esperimentazioaren inguruko diskurtso bat osatzen du, eta elkarrekin uztartzean, ikuslearekin harreman emozional eta berezia sortzen dute. Shibaria, gorputzaren artea izanik, emozioak eta harremanak adierazteko tresna da. Boterearen eta zaintzaren arteko harremanei buruzko gogoeta ere proposatu nahi dugu honekin. Musika esperimentalak bere izaera atmosferiko eta industrialarekin espaziora egokitutako soinu paisaiak sortzen ditu eta poesia edo hitza, horixe baita barneko desira eta intimotasuna artikulatzeko modurik ederrena. Hitzaren bidez, askotan isilduak izan diren perbertsioak, identitate disidenteak eta gozamenerako bideak bistaratzen dira. Diziplina horiek elkartuz, esperientzia oso bat sortzen dugu: ikusgarria, zentzumenetan eragiten duena, eta aldi berean, hausnarketarako gonbita egiten duena. Tabuak apurtzeko, gozamena politizatzeko eta ikusleari plazera beste ikuspegi batetik bizitzeko aukera emateko. Hori da guretzat Kink.

Kink egitasmoaz aparte, beste zerbait duzue esku artean?

Bai, Harrikan ez gara geldirik egoten. Kink proiektua aurkeztu ondoren, zuzenean sartuko gara aurtengo Harrikada festibalaren antolaketan. Aurten bigarren aldiz Izarran ospatuko dugu musika elektronikoaren topagune hau, Uztailaren 18tik 20ra, Ostuño parkean. Guretzat Harrikada ez da jaialdi hutsa; Kink bezala esperientzia bat da, gozamena, esperimentazioa eta disidentzia politikoa uztartzen dituena, hiru eguneko topaketa bat, eta puntako artistak esparru natural batean gozatzeko aukera paregabea.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago