Otsailaren 21ean, pasa den ostiralean, Gauekoak programak 2025eko udaberri-uda denboraldiari hasiera eman zion Arai dantza konpainiaren eskutik. Konpainia hau desgaitasun intelektuala duten 16 dantzarik osatzen dute, eta oraingoan, beren azken lana aurkeztu zuten: "Miradas Cruzadas". Ikuskizun honek, dantza bidez, protagonistek mundua nola ikusten duten eta gizarteak nola ikusten dituen erakusten du, hausnarketa sustatzen duen bitartean.
Ekitaldiaren osagarri gisa, dokumental labur bat ere eskaini zuten, non parte hartzaileek beren ahots propioa erabiliz, esperientziak eta sentimenduak partekatu zituzten. Dantza eta ikus-entzunezkoaren ondoren, solasaldia egin zen, bertan publikoak dantzariekin eta koreografoekin hitz egiteko eta galderak egiteko tartea izan zuen.
Ikuskizunak arrakasta handia izan zuen. Dantzariek elkarrekin lan egiteko eta beren istorioa oholtza gainean partekatzeko plazera nabarmendu zuten. "Miradas Cruzadas" obrak, hasieratik, gizarteak "ez-normatiboak" diren pertsonei nola eragiten dien erakusten du. Egi eta emozioz betetako ikuskizuna dela frogatu zuten bertaratutakoek partekatu zituzten iritziekin:
🗣️ "Ikuskizun hunkigarria eta ederra. Barru-barruraino iristen da, eskerrik asko!"
🗣️ "Halako ikuskizun gehiago egon beharko lirateke. Hezitzailea eta integratzailea da, eta komunitate honen errealitatea azaleratzen du."
🗣️ "Bihotzera iristen dira. Talde bikaina eta pertsona paregabeak. Zorionak egindako lan guztiagatik!"
Gauekoak programak bere konpromiso kulturala eta soziala sendotzen jarraitzen du, ikusgarritasuna, inklusioa eta emozioa uztartuz. Adi egon, esperientzia gehiago datoz! 🌟