Animas trujano, errepide batez dago zatituta. Agurainen 80ko garaian horrelako bat geneukan ere. Errepide nazional bat. Hau desberdina da, hiri handi batetik kostaldera doan errepidea da. Hiru bide daude norabide bakoitzean eta erdian belar zati bat errepidea zatituz. Nire herrian dagoena txikiagoa da, bide bakarra norabide bakoitzeko eta honek Gasteiz eta Iruña lotzen ditu.
Lehenengoa trafiko ikaragarria darama beti, goizeko seiretatik gaueko hiruretara. Tarte txiki horretan bakarrik lo egin dezakegu lasai. Logelako leihoa bertara ematen baitu. Lehenengo asteetan lo egitea zaila izan zen baina ohitu egin gara jada. Kamioi erraldoi bat etortzen ez bada, noski. Ihes-hodiko isilgailurik ez daramaten hoietakoa.
Errepide honen erabiltzaileak anitzak dira: Tamaina askotariko kamioiak, ur tankedun kamioiak, merkantziaz beteritakoak, animaliaz beterikoak, autobus zaharrak, kostalderako konbiak, motorrak, bizikletak, taxi horiak, anbulantziak, polizia estatala bere M-16-ekin, troca, kotxe arruntak, taxi kolektiboak Tzuruak direla beti, scooterrak, escarabajo pila, eta nola ez, kaleko txakurrak. Beti errepidea gurutzatzen, beti janari bila.
Aipatutako garraioetatik askotan ibili gara baina Oaxacako zentrora joateko Tzuruak hartzen ditugu. 6 pertsona kotxe berean, hiru eta hiru. Kotxe bakoitzak bere berezitasunak dauzka baina gehienak starter pack bat daukate: aurreko kristalean norabidea eta geldialdien zerrenda, erretrobisoretik Mexicoko zerbait zintzilik, eskuineko izkinan txanponen kutxa bueltak emateko, esku-frenoa izkutatuta eserleku bat eginez, irratian txantxa telefonikoak eta gizonezko gidaria. Mexikarrak isilik joaten dira gehienetan, baina gu, hiru güeritoak beti hizketan gabiltza.
Animas Trujanon, jendea errepidearen inguruan egiten du bizitza. Guk ere berdin egin dugu hiru hilabete hauetan. Errepidearen alde batean lo eta lan eta bestaldean jan eta edan.
Aguraingo errepidea ez da holakoa, trafikoa errepidez aldatu dute.
Agur Animas Trujano, ikusi arte.
Ariadna Murguialday.