Ez-ikusi, edo kasu gutxi egiten diegun arren gure bizitzaren parte dira. Historiaz hitz egiten digute baina baita gure istorio eta norberaren historiez ere. Txikitan askotan hartzen nituen harriak eta “harri koxkor batekin jotzen ditu kax kax kax, harri koxkor batekin, hor dago Martin tin tin” abestu. Eta are gehiago izaten ziren pantano edo itsasoan harriak bota eta hauen salto kopurua zenbatuz egindako lehiaketak. Eta zein ez da harri bati kolpetxoak ematen ibiltzen joan kaletik zihoala?
Txikitatik esan ziguten jentilek basoko harritzarrak har zitzaketela eta leku batetik bestera mugitu, hala erakutsi zigun Obelix handiak. Eta bestetik, Hansel eta Greteli esker ikasi genuen, bueltako bidea aurkitzeko harriak jartzea zela onena, ogi zatiak laster desagertzen baitira.
Hala ere, harriak beti gaizki ikusiak izan dira, traba egiten duten elementu gisa eta hauekin estropezu besterik ez dugu egingo. Hau esanda ere, nik aurten harriak jarri dizkiot nire buruari, baina ez, ez da pentsatzen ari zareten moduan.
Hala da, harriak jarri eta jarraitu ditut, hauek ez dira beti zertan txarrak izan behar eta. Nire bidea adierazi didatenak izan dira, ibilbidean aurrera egiteko seinale balio izan dutenak eta paraje desberdin eta politak deskubritzera eraman nautenak. Berez, gauza sinplea da harriekin markak egitea, baina gaur egungo gizarteko prisarekin, zaila da harri horiek orekan eta polit jartzeko tartetxo bat hartzen duten pertsonak topatzea. Beraz, eskerrik asko, bidea argitzen lagundu duten pertsona horiei, gu ere holakoak izan gara, harriak jarri ditugu, eta eroritakoak berriz orekatu. Horrela, nolabait, hurrengoek ere bidea egiten jarraitu ahalko dute...
Munia Etxaniz.