Guatemalako Ixil triangeluan egindako boluntario lanari esker Ixil komunitatea ezagutzeko aukera izan dut. Ixil komunitatea Guatemalako altiplanoan kokatzen da, Quiché departamentuko iparraldean, ingurutik oso isolatuta eta bide azpiegitura kaskarrekin. Ixil herria masakratua izan zen Guatemalako gatazka armatuan jasandako genozidioaren ondorioz.
Ixil triangeluko paisaiak guztiz berdeak dira: pinuz beteriko basoek eta milpako laboreek betetzen dute lurra. Milpa batez ere artoa eta frijola konbinatzen dituen nekazaritza-sistema da.
Egon naizen GKEak emakume indigenak hezitzen ditu, nagusiki energia fotovoltaikoan, sare elektrikorik ez duten komunitatetara argia eraman dezaten. Orain, droneak pilotatzeko programa berri bat jarri dute abian, ikasleek beren ekintzailetzak sor ditzaten. Honen barnean, Ojo de Agua komunitateko emakumeak klase praktiko batean erretratatu nituen, pilotuak alabari drona erakusten zion bitartean.
Pexla Grande komunitateko ikasleek drona hegaldatzen zuten bitartean, emakume bat ehunak egiteko hariak prestatzen zituen ehundegian. Egunero janzten dituzten arropa koloretsuak eskuz ehuntzen eta brodatzen dituzte.
Irailaren 15ean, Independentzia eguna ospatzen da Guatemala osoan, eta Chajulen, musika banden desfilearen ondoren, tuktuk eta jendez betetako erromerian joaten dira zelaira musikarekin eta janariarekin ospatzera.
Merkatu egunetan, herrietako plazetan era guztietako frutak, barazkiak, haragiak eta bestelako produktuak saltzen dituzte. Chichicastenangoko elizaren aurrean adibidez, loreak.
Unai Oraa.