Baina-patatak

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2015ko urt. 26a, 01:00

Gaizka Amondarain

 

Zilegi da, eta justiziazkoa, arrazoia duenari arrazoia duela aitortzea. Kafe giroko bazkalostean edo iritzi artikulu batean ez bada. Hor salbuespena egingo genuke. Baldintza horietan, dena ikusten baita diferente. Ez al litzateke mundua leku aspergarriegia zertaz diskutitu ez bagenu? Katiluari so, zopak egitearekin konformatu beharko genuke. Eta hemen, inor ez dago zopetarako. Zopetaraino, agian, bat baino gehiago egongo den arren.

 

Baina guztiek badute bere patata gure herrian. Eta patata guztiek bere baina. Abiapuntu ahulegia litzateke, ordea, Manex Agirreren Ez dago bainarik artikuluari “baina” batekin erantzuten hastea. Horregatik aukeratu dut “patata”. Osasunerako onegia ez bada ere, hainbeste poz ematen digun jaki hori.

 

Patata da, fast food kulturaren garaiotan (erabili eta botatzeko kultura), edozein menutarako ezinbesteko osagaia: beste zerbaiten lagungarri eskaini eta, hala ere, eskua luzatu eta lehenengo dastatzen dugun hori. Patata. Gero norberak ikusiko du (demokraziaren lehenengo premisa norbanakoaren askatasuna da) zein saltsa jarri gainetik edo zein ez jarri. Izan ere, eta hobe genuke hasieratik onartzea, patata gabeko platerak pisua galtzen du mahai gainean paratu orduko. Patata gabeko kultura ere (ez ahaztu, geu ere, fast food kulturan buru belarri murgilduta gaudela) zailagoa izango da irensteko beti, eta ez du horrenbesteko arrakastarik edukiko jatetxeko bezeroen artean.

 

Euskal kulturak hiru logika nagusi izan ditu orain arte: tradizioari eustea bata, nazio bat eratzea bestea eta merkatuan lehiatzea, azkena. Gaur gaurkoz, labur esanda, kultura kontsumoa da, batetik. Eta bestetik; adierazpide partikularra, bizitzeko estiloa. Kultura lurralde gabe geratzen ari da. Harri bat izatetik (nazio-kultura) zerbait likidoagoa izatera pasatu da (nonahi aurki daiteke, gizartearen gainetik egoteari utzi dio). Horrenbestez, gaurko kulturgintzaren funtzioa ez da sistema homogeneo bat sortzea. Ez dago eredu bakar eta nagusirik. Logika bakarra da daukaguna: kontsumoa. Eta gurea bezalako herri-kulturek ere, ondorioz, merkatuan lehiatzera behartuta ikusi dute beraien burua. Adibideak mila.

 

Orain, beraz, erresistentzia kultura izateari uztea da aurrean daukagun erronka nagusia. Edonork bere egingo duen kultura baten parte bilakatzeko. Kontra-kultura izateari utzi, izan bagarela jakinda ere. Hori, tamalez, esentziaren bati traizio egitearekin nahastu da sarriegi gure herrian. Geure geurea dena gutxiestearekin, beste batzuetan. Zenbait pauso emateari beldur diogu, ez baita erraza funanbulista batentzat sokaren gainean akrobaziak egiten hastea. Beldurrak garaitu ezean, halaber, gureak egin du.

 

Hau ez da patataren aldeko kanpaina bat. Aukeran, menu orekatuago baten alde egingo nuke baina… Bainek ere, osasuntsuagoak izanagatik, grazia guztia galtzen dute patatarik gabe. Eta inportanteagoa dena; funtsezkoak izan dira, historian zehar, goseteei aurre egiterako orduan.

 

 

Irakurri 'Ez dago bainarik', Manex Agirreren artikulua

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide