Euskarari eraikin bat oparitu eta aste betera jakin dugu, terrorismoaren biktimen memoriak ere izango duela bere lekua Gasteizen aurrerantzean. Hiriko erdigunean dagoen Banco España-rena zen eraikina izendatu dute eginkizunerako. Espainiako ogasun sailak eskuzabaltasunez, eta sufritu dutenen mina aldarrikatu eta gertatua ez ahazteko borondatez, udalari musu-truk eskaini berri dion etxea. Bide batez esan, Madrileko Gobernuaren jabetzapeko etxe horrek azken sei urteak hutsik pasa dituela.
Orain hasiko omen dira betetzen, hango eta hemengo testigantzekin etorkizunerako iruditeria marrazteko. Jendeari gauzak behar den moduan esplikatzeko, batez ere. Konturatu orduko okerreko testu liburu edo memoria eroriko baitzaie esku artera bestela, eta, jakizu gero zer kontatzen duten azken hamarkadetan gure herrian gertatuaz. Zinemagile etsituaren dekadentzia bere biluztasuna onartu ezinean.
Ikusteko dago epe labur, ertain edo luzera zorrak kitatzeko gai izango diren. Esango baitute nahi dutena Europatik, orain, inguruotako bankuei buruz. Niri, behintzat, Espainia eta Banku hitzak batera ikusteak ez dakarkit ezer onik akordura, ez dakit memoria bat osatzen hasteko abiapunturik egokiena den.
Baina egin dezatela. Egin dezatela memoria. Hori baita etorkizunerako geratuko zaiena, estaltzeko zailena, elefantea eta inguratzen duen gari sailarena.