Giltzarrapoa

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2014ko urr. 6a, 02:00

Gaizka Amondarain

Kuriosoa eta kezkatzekoa ere bada, aldi berean, Asiako liztorrarekin gertatzen ari dena. Profetikoa edo. Apurka zabaldu den izurria. Gure erleak baino hiru aldiz erleago. Iparraldetik sartu zaiguna, Saigona. Gosetiagoa. Oldarkorragoa. Darwin eta geroko legea. Ez magrebtarra, asiatikoa.

 

Hegazkin batean zoazela, komun zulotik behera begiratzeko ohiturarekin konplitu, zure zenbakia daraman eserlekuan eseri eta debalde ematen dizkizuten egunkarietan irakurtzen diren albisteek burmuinean sortzen dizuten ziztada dakarkit akordura kontu honek nahigabe. Kezkatuta omen Txinako gobernua azkenaldian, esaterako, beren herritarrek sosak gastatzera atzerrira jotzen dutenenean haien herriaz ematen duten itxurarekin. Kalean kaka egitearen ohitura tododiosena da han, urrutian, antza. Zaratatsuak omen txinatarrak, halaber, periodikoan diotenaren arabera. Gorregiak gu agian idatziko nuke ertz batean gustura, presio aldaketa honek burua danbolin baten antzera utzi izan ez balit. Komun zulo luze bat eta gero ezer ez.

 

Paris ere ez da libratu oraingoan. 700 mila giltzarrapo pilatzera ailegatu dira Pont des Arts loriatsuan. Hainbesterakoa da turisten (eta ez-turisten) maitasun emaria, zubiko hesiak ere etsi egin baitu azkenean, hainbeste giltzarrapo eta maitasuni lekurik egin ezinda.

 

Eta hori ere, ez iezadazue esan profetikoa ez denik hein batean. Dena erortzear egon eta ezer aldatzen ez den une honetan bertan. 4 mila kilori eutsi ezinda, hesiak plof! liztorra galduta erortzen. 700 mila giltzarrapo Parisen, Madrilen, Gasteizen… udalak norbait haiek askatzera noiz bidaliko zain. Gazte langabetu horietakoren bat. Gero zenbakiek politago eman dezaten. Bakezalea eta ingelesa dakiena. Munduak begiratzen digunean inor gutaz lotsa ez dadin. Jonan Fernandez bat. Kontsensuaren aldekoa. Munduko hiritarra. Tirriki-tarraka. Pablo Berastegi, diot Berastegui, oui! Kaleen izenak euskaratzeko gai izango dena sikiera. Red Bullekoen telefonoa eskatu diezaiokezu bilbotarrei bestela. Nahikoa dira 30 metro zubitik behera salto egingo duen ausarten bat bilatzeko. Sakonerak ez du hainbeste ardura. Gorputza behar bezala depilatutako supergizonak. Horixe da behar duguna. Etorkizunari aurre hartuko dion gazte uholdea. Negozioa erakartzeko gai dena. Gestioaz dakiena, turistek garagardoa kristalezko basoan gurago dutela igartzeko bezain buruargia. Plasma. Asma. Dena batera.

 

Giltzarrapoz beteta dauzkagu zubiak. Kostatuko zaigu denak askatzea. Orotariko giltza beharko genuke. Orotariko hiztegi berritua. Erleak liztorra galtzen duen momentua baliatzea kontraerasorako. Berandu baino lehen.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago