Aldartea gauza pertsonala delako izatez. Hala diote adituek behintzat. Ez dela denontzat barregarria izan daitekeen ezer existitzen, ezin dela poztasun kolektibo eta erabatekoa sortuko digun egoerarik irudikatu. Batzuen desgraziarako albiste direnak, besteentzat pozteko aitzakia eder bat izatea ulertzekoa eta normala ei da. Bihar Espainiako erregea hilko balitz adibidez (udaberriko tendentziei jarraiki), zer egin beharko luke herriak? Negar? Barre? Lutua gorde ala mozkortu?
Umetan, politikoki zuzenak ez diren sentimenduak erreprimitzen irakatsi ziguten, baiki. Zigorra zigorraren atzetik pilatzearen poderioz, dena kontatze aldera (gure emozioak ulertzen ikas genezan, zoritxarrez, ez zuten ahalegin bera egin). Hala ere, eta zorionez, sentitzen jarraitzen dugu oraindik. Eta ez da gutxi. Nork bere poz eta penak bizi baititu lehen pertsonan, besteenak ulertzeko ere gai izango da gero, bigarrenean edo hirugarrenean. Baina printzipioz, bereak sentituko ditu beti bereago.
Zeri egin behar diogun barre eta nori negar zehaztearekin tematzen denak, beraz, bi arazo dauzka: edo ez ditu aurretik aipatu ditugunak ulertu gura, edo badu haurtzarotik arrastaka dakarren beldurren bat ezkutatzeko. Haurtzarotik helduarorako” trantsizioa” behar bezala osatu ez izanaren ondorio izan daiteke apika. Trantsizio horrek zintzotasuna eskatzen duelako, norbera lasaiago uzten duten baina luzera kaltegarri diren gezurrak biluztea. Eta horretarako, agidanez, ez dago aldarterik momentuz herri honetan.