Isilik egotea

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2014ko urt. 21a, 10:09

Gaizka Amondarain

Isilik egoten jakitea bertute bat izan daiteke. Ados. Jakin behar da, noizean behin, ahoa itxita edukitzen. Hitzak neurtzen. Eztabaidak saihesten. Adostasunak bilatzen. Isiltasuna ordea, beti ez da zilegi.

Ez dakit munduko beste bazterren baten posible den ehun mila pertsona baino gehiago biltzen dituen mobilizazio bat isiltasunean burutzea. Inork ahorik zabaldu ere egin gabe, alegia. Paseo lasai eta patxadatsuan ematea arratsaldea, aurreko egunetan gertatua ahaztuz, kaleak betean oinez. Hamarkadetako samin eta ezina aldean daramaten senideak aurretik pasatzen ikusten dituzunean ere, barruan lehertzen zaizun amorru eta ezinegonari eustea. Zugan nagusitzen den sentimendua erreprimitzea, arimaren mutilatzea.

Gura dutena esango dute baina, niri ezinezkoa iruditzen zait. Norbaiten interesen araberako aitzakia merkea. Arerio politikoari zerbait aurpegiratzeko koartada. Hurrengo egunetan hitz egitea tokatuko zaiola jakinda, eztabaida desbideratzeko asmatutako trikimailua, ez besterik. Hitz egin behar eta nahi ez duenaren zarata alferra. Politikoki miserablea, izateaz gain.


Isilik geratzea beti ezin delako bertutetzat saldu. Gure herri honetan, kasurako, gatazkaren aurrean posizionamendu argirik hartu gabe hamarkadak boterean iraun duen alderdi politiko batek isiltasunean irautea harrotasunez aldarrikatzen badu, ez delako zeresanik eduki ez duelako izango. Kontrara, isilik egotea erosoagoa delako horrelakoetan; egin dezatela borroka besteek beraien artean, jasoko ditut nik gero zalapartak eraginda eroritako intxaurrak eskukadaka.


Ez dakit nik herri honetan, behingoz, hitz egiteko garaia heldu den ala ez. Zaila baita publikoki gauza batzuk defendatu ezin dituzunean, inorekin dialektika orekatu bat mantentzea. Dakidana da, isilik egotea exijitzen duenak, baduela zer isildu. Badakiela jakin, zintzotasunez hitz egiteak arriskua suposatzen duela, lehen lagun zenituen asko galtzeko arriskua.


Herritarrek aukeratutako ordezkariei zintzotasuna eskatzea, alabaina, ezinbestekoa iruditzen zait demokrazia osasuntsu batean. Zilegi diren helburuak lortzeko arriskuak hartzeko prest dauden politikoak edukitzea beste.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide