Kasualitatea ala ez, euskararen eguna baino aste bat lehenago jakin dugu, euskaraz grabatutako lehen filma aurkitu dutela Parisko etxe batean, Gure sor lekua izenburuduna. Andre Madre jeneral hazpandarrak 1956an egindako ordu eta erdiko dokumentala. Garai hartako Euskal Herriaren irudi bukolikoa agertzen duen film luzea, gerra osteko urte haietan kanpoan bizi ziren euskaldunen herrimina arintzeko egina. Euskaraz grabatutako lehen pelikula bai, baina orain, mende erdi beranduago aurkitu, eta ahotsa faltan duena. Mutu utzitakoa. Mutilatua.
Gaur abenduaren 3a dugu. Euskararen nazioarteko eguna. Gasteizko parlamentuan jai egun izendatzeko proposatu berri dutena. Egun bakarra ez, baizik eta gure hizkuntzak 365 egun behar dituela gogorarazteko baliatu den ospakizuna euskalgintzaren aldetik. 30 urte eta gero, arazoa erabilera eskasa dela lotsagorritu gabe baieztatzeko lizentzia ematen duen nazioarteko egun horietako bat gehiago. Euskara mundiala delako euskal erdiaren hizkuntza politikarako arduradunen esanetan, batez ere mundiala. Gero bost hemen zer gertatzen ari den egunero, gure muturren aurrean. Euskarak, gure sor lekuak bezala, ahotsa galdu badu ez delako kasualitate baten ondorio izan edo beste batzuek maltzurki errepikatu izan duten moduan, berezko ezintasun baten emaitza. Euskararena (euskaldunona) aspalditik datorren arazo politikoa da. Ez dena Durangoko Azoka arrakastatsu batekin konponduko. Ez eta, Japoniarrak euskaraz hitz egiten ageri dituen iragarki batekin. Euskaldunok ez dugu altxor baten jabe izan nahi, gure hizkuntzan normaltasunez bizitzea da exijitzen duguna, legez babestuta egon beharko litzatekeen eskubide bat, alegia.
Orain, baina, prest al daude gure agintari politikoak gure hizkuntzari, zor zaion normalizazioa lortzeko, behar duen arnasa eta lekua emateko? Jakinda (jakin badakitelako), horretarako erdarei kendu beharko diegula urteetan zehar bortxaz bere egin duten espazioa. Edo beste modu batera esanda, erdaldunak deseroso sentituko diren eszenategi hori aurreikusten al dute sikiera? Ala gure iraganeko irudi bukolikoekin sosegatu behar al dugu euskaldunok gure ezinegona? Egoera anemiko honetan irautera kondenatu behar al dugu geure burua? Diskurtso abegikor eta infantilista horrekin lortuko al du euskalgintzak jendeak kalean euskara gehiago erabiltzea? Euskara despolitizatzeko ala euskararen normalizaziori begira egiten diren politiken inguruan eztabaidatzeko momentua da?
Noiz arte jarraitu beharko du gure sor lekuak, deslai, galdutako bere ahotsaren bila?