Alderantzizko logika

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2013ko urr. 21a, 10:38
Gaizka Amondarain

Korrontearen kontra igerian doanaren agonia, dagoen lekutik mugitu ez arren eman egiten dionaren logika. Ñ bat iragarriz salbaziorako aste batzuk lehenago, %100 bertako, erabat espainiar, geure izatearen tamala onartzeaz gain aldarri bihurtzeko besteko desesperazioan. Auzo-lotsa zena hasieran, ikustear geneukan suizidioaren lehen sintoma bihurtu zen gutxira. Fagor etxe tresnak: bir-kokatze eske pantailetan ageri zaizkigun manifestazioak, informazio ezaz kexatzen diren kooperatibistak, bir-kokatu ditzatela nonon faborez, kalegorrian ez baitaukate etxe-tresnak non entxufatu. Kooperatibismoa bir-pentsatu beharraz iritziak errenkadan asteburuko egunkarietan, Arizmendiarreta ber-pizteaz, urte luzeetako despisteaz, ber-tuteak ere badituela goraipatzeko tarteka. Ber-esku-hartzea, errautsetatik bir-sortzea, bereberra gamelu zaharraren gainean, basamortuaren erdian ur eske.

B aldean bizirauteko ahalegin konstantean gabiltzala ematen du batzuetan hemen, kantu berean katigatu den orratzaren asperdurak bizi gaituela. Iberdrola dorrea ikusteak kolpatzen zaituenean, adibidez, Mintzalaguna proiektua iragartzen duen kartelari, eskuan gin-tonica duzula, arretaz begiratzean. Modernoak behar duelako euskarak noski, ia levis-en katalogoen besteko argitasunez mintzo den irudian, gaur egunerako beren beregi prestatua, erakargarria. Zalantza sortzen zaizu horrelakoetan, aurretiaz garun azkarren batek pentsatua ala diseinatzailearen despistea ote den. Nazioarteratzearen albo kalteak agian?


Europatik kanpo bidaiatzen dugunean ez fidatzeko inortaz gogorarazi digu amatxo euskal telebistak aldi berean, Delorean taldekoak bahitu zituztela-eta sortutako zalapartaren erdian. Nazioarteratzearen albo kalteak, again. Munduaren logika beste bat baita Europatik kanpo, europar eta demokrata trajea jantzita dabiltzan euskaldun jator horientzat guztientzat, herri honen etorkizunaz hitz egiteko milaka kilometrora joaten den lehendakari eta txotxongilo arteko hibrido horrentzat, kasurako. Ederra zelako New Yorkeko Euskal etxea inork kontra egiten ez zizunean, txistorra jan eta Bakioko txakolina dastatzeko, baiki. Ehun urte atzera egin izan bagenu bezala da, hain munduko eta hain mundurik gabeko artean. Amets gaiztoaren erdian esnatu eta Amedo jauna entzuteko euskaldunoi ba-kezko etorkizuna opatzen. Alderantzizko logika gure burmuin bahituak kolpatzen. Euskara lokalista delako izan ere, txapela kentzeko dugu ondiño, azala sutondoan egotearen egotez ketzear. Iberdrola dorreetatik begiratu behar zaio munduari gaur, Ñ-ak ipurdirik salbatuko ez digula jakiteko hain gora igotzerik behar ez arren. Benetako demokratak gabon-buenasnoches agurtzera behartuta ikusten du bere burua gurean, txapela kentzeko dugu eta, garuna estutzen digu horrek. Euskarak murrizten du gure mundu ikuskera antza, ez gaztelerak. Munduko biztanle izateak hori daukalako zenbaitetan, euskalduna zarela esatea baino espainola zarela esateak lana erraztuko dizula pentsatuagatik, munduaren logikak berak astintzen zaituela ezustean, gatazketatik ihes egitea ezinezkoa dela oroitarazten, zeuk sortutako zabor beraren zipriztinak direla goitik behera zopatu zaituztenak.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide