I am basque

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2013ko ira. 26a, 09:13

Hamarkadetako mozkorraldiaren osteko ajeari eutsi ezinda gabiltza Euskal Herrian oraindik. Koka-kola edanda ere pasatzen ez den bestondo horietako batean. Haizeak alde behar zuenean gainera, ez aurrera ez atzera, sofak noiz irentsiko zain, norbait herri hau iraganeko korapiloetan katigatuta mantendu guran balebil bezala.

 

Nork bere erantzukizuna izango du kontu honetan, zalantzarik ez. Ez baita zilegi gure pena eta ezintasun guztien erruduntzat ondokoa jotzea beti, horrela gu apur bat lasaiago sentitzeko. Barkatuko didazue zintzotasuna hala ere, ospatzekotan diren Alderdi eguneko kartela ikustean hotzikara batek nire gorputza alderik alde zeharkatu zuela esaten badizuet. Lehen good bye Spain zena, orain I am basque irakurrita, edozeinek ulertzeko moduan gainera, zer den aldarrikatu beharra daukanaren larritasunez.


Maiz entzuten da  azkenaldian, ea zertan ibili den ezker abertzalea joandako hogeita hamar urteotan, orain (behin demokraziara bihurtu eta biolento izateari utzita) inori kontuak eskatzen hasteko. Eta etsipenak hartzen nau tamalez, pentsatzen dudanean zein serioa den asuntoa horrelako eztabaida antzuetan denbora galtzen ibiltzeko, zein maila politiko eskasa darion gure herri honen gidaritza daraman klase politikoari, katalanekin konparatuz gero, adibide erraz bat ematearren.


Eta sumatzen dut nahi bat betiko demokraten aldetik (Jesus Egigurenek berak euskadi irratian aitortu zuen moduan) gauzak bere horretan mantentzeko, baita azkenaldian bere ADNa gora eta behera dabilen PNVren aldetik ere. Jeltzaleen oinarri sozialaren gehiengoak bi familia abertzaleen arteko akordioa hobesten duen bitartean, alderdiko agintean daudenek nahiago izan baitute erkidegoko bigarren indarra zokoratu eta hemen Espainiar Estatuaren interesak defendatzea misio duten bi alderdiekin lerratzea. Politika ulertzeko modu estu horretan, bakoitzak bere kalkuluak eginak izango ditu honezkero, noski. Tristea iruditzen zait, dena dela. Eta tristeagoa irudituko zait hemendik urte batzuetara alderdi jeltzaleak gaur hartutako erabakiek ondoriorik ez badakarte.


Foronda Madrildik hegazkin batera ez balego, hobeto geundeke gero. Edo behinola, Gorriti handiari ikasi genion beste hura: “ez izan ta bai uste, sasipeko masuste”.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago