Pertsona da bere burua kontrolatzeko gai den animalia bakarra. Ispilu jokoan sortzen da, hiper-araututako jendartean barna bizi. Polizia bat darama barruan, esku burdinak janzten dizkio noiz behinka, ez da besteen barne poliziez fio, ez da bere uniformetasunaz ohartzeko gai. Beti lekuz kanpo, beti ispilu berrien faltan, beti besteengandik ezberdindu beharrean, beti desio duena eta nahi duena zer den bereizi ezinda, beti egunen batean ezagutuko duen norberatasun galduaren bila. Neurotikoa espektakuloari neurririk hartu ezinean. Indibiduoa basamortuaren aurrean. Oasian bizi zela uste zuen ahuntza, gauerdiko eztul antzuari eusten.
Gizartea izatekotan gatazka litzateke, ez paradisua, ez bakea, baizik guda. XIX.mendean hiritarrak zenbatzen hasi baziren, numero bat bihurtu bazuten pertsona, helburua ez zelako errolda zehatz bat jasotzea, arma bat eskuetan hartzeko gai zen zenbat gizon zegoen haien Estatupean jakitea baino. Gero dena programatuta balego bezala erori ziren Estatuak, puskatu zen harria, geratu ginen biluzik eta noraezean. Eutsi egiten genion baina ez ginen belaontzia bideratzeko gai. Erori ziren hormak, irentsi genituen amuak, gelditu ginen lo suari begira, ez ginen gehiago esnatu.
Suak hartu du gaua orain. Otoitzak entzun ditzaket hemendik. Jendea eguraldiaz kexu, eguzkia laino artean ezkutatzen, biluzik behar zuenean. Pantailari so geratzen naiz. Ctrl+Alt+Supr. Berrabiarazi sistema. Zerbaitek huts egin du antza. Antibirusa izango zen. Kea dario makinari. Sua da kanpoan, mundu zaharra da erretzen. Pizten ez den pantailan ikus dezaket dena. Biluzik geratuko naiz goiz berriari itxaroten. Hauxe da bila abiatu baino lehen egingo dudan azkenengo gauza.