Oregile onena

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2014ko abe. 2a, 01:00

Gaizka Amondarain

Politika zientzia fikzioa da. Ikus-entzuleak despistatzeko argi eta soinu efektuak, serpentinak eta xanpaina. Marketina eta publizitatea. Eta gero, zer eta irteera bako unibertsitate ikasketen artean sartzeko. Honezkero existitzen den ere ez dakit. Hain beharrezkoak ditugunean etorkizun hobea marraztuko diguten gazte kualifikatuak. Oregile trebatuak. Partida gure muturren aurrean ari denean jokatzen. Hor, pantaila horietan guztietan. Hain dagoenean argi. Nola saiatzen diren batzuk hitz egiten, gero ezer ez esateko.

 

Ana Oregirenak dira azkenak (edo ez hainbeste). Horiegiak berri izateko. Frackingarekin PNVk ze asmo duen galdetu diotenean botatakoak: aztertu beharko direla teknikaren nondik norakoak, zalantzak uxatzeko edo. Ikusi beharko da zer, metxeroa iturri azpian jartzean surik hartzen ote duen? Ikusi beharko dena da; zergatik ez duen nahi izan alderdi jeltzaleak Araban, Gasteiz inguruko baso eta mendiak parke natural bihurtzea. Agian horrek fracking bidezko ustiatzea legalki oztopatuko lukeelako? Agian negozioa ikusten duten lekuan, basoak bere horretan geratzeko arriskua egon daitekeelako?

 

Esplikatu beharko digu norbaitek ikus-entzuleoi, Ana Oregi gai ez bada. Esplikatu beharko diguten moduan zer gertatzen den De Miguel aferarekin. Zein epaitegitako apaletan dagoen hauteskundeak pasa arte aparkatuta. PNVk ere badituelako bereak, orain arte ezkutuan mantentzeko gai izan arren. Ustel usaina ez da Nafarroatik hego haizeak dakarrena bakarrik. Gardelegi ugari Sabinetxean ere, beste batzuei esplikazio eske ibiltzeko etengabe gero. Lezioak ondo daudelako elizan, bestela, gorde ditzagun geure kolkorako. Hobe izango da horrela.

 

Euskal Herri telebisatu mediokre  gastronomiko gaingabetu hau ez da nahitaezkoa. Eraztun berdeaz haratago bada mundu bat. Araba izan daiteke aldaketarako akuilu. Ikusteko dago nor izango den errezeta onena gauzatzeko gai. Orea egon badago, legamia da falta dena.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago