Total, niri bost aita santua zuria edo beltza den, kea hemendik edo handik datorren. Niri bost San Pietro plazako giroak.
Nork ordaintzen die baina euskaldun jatorren irrati publiko jatorreko korrespontsalei harainoko txangoa? Nork erabakitzen du albistea han dagoela eta ez hurbilagoko tximinietan? Hemen tximinia bat baino gehiago ari delako kea botatzeari uzten. Baina hori, amigo, ez ei da notizia gurean. Ai Jaime Otamendi ipini izan balute gaztelar belaontzi berriko buru, orduan bai pagotxa gurea (popan jartzen dituzten lau trobadore sinpatikoei esker dibertitzen garenona), orduan konkistatuko genukeen guk kontinente berriren bat Junkeraren soinu banda lagun. Gu txiki, gu zahar, gu barrutik hustu duten arima dongeko euskaldunok, h-az diskutitzen petraldu eta zeruak asmatzen ibili garen gu, besteek gure (h)istoria letra larriz idazten zuten bitartean. Geurea babesteko bezain zuhurrak izango bagina eta ez hain elizako, hain meneko, hain otzara pasa eta gero negarrera emandako gizagaixoak.Eliza izan da urte luzeetan gure kontzientzia sortzaile bazterrotan, argi geratu zaigu. Telebistak betetzen du egun funtzio hori bera. Ikustea baino ez dago zer nolako aniztasuna daukagun gure mono-mandoetan. Ikustea baino ez dago, behin eta berriz irentsi eta konturatu gabe erreproduzitu ahal izateko; haien egia, haien etika, haien kultura, haien jarrerak, haien musika, haien festak, haien umorea, haien jendea, haien mundu ikuskera, haien haienak eta gure aieneak.
The revolution will not be televised. Ez galdu denborarik pantailari begira, inor ez da eta gu salbatzera zaldi gainean igota ailegatuko. Aspaldi erori zen jaungoikoaren inperioa, haren hondarrak baino ez dira orain desegiten ikusten hasiak garenak, diskurtsorik gabe gelditzen ari den apaizaren azken arnasestuak arrakalatutako eliza erromanikoan.
Mendeetako fumata ondorengo arerioaren “zurikotea” aprobetxatu beharra daukagu. Zer pentsatuko lukete gure seme-alabek gutaz bestela, egun eguzkitsu batean esnatu, eta independentzia eta sozialismoa lortu dugula egunkarietako portadan irakurriko genuela fede onez sinetsi genuenoi buruz? Ez dago hondoratzen ari den itsasontziari helduta hondoratzea baino kontu lamentagarriagorik. Paperez aldatzeko momentua da, orrialdea pasatzekoa, boligrafoa eskuratzea baino ez zaigu falta gurean idazten hasteko eta hor dago arazoa.
Eztabaida eta ados dezagun norabidea, has gaitezen txalupa konpontzetik, jarri dezagun lupa jarri behar den lekura begira, ea eguzkia sortaldetik ateratzen denean (eguzkia beti sortaldetik ateratzen baita) suren bat pizteko gai garen bederen.