Ederra delako gure mundua zinez, asfaltoz gainezka ageri denean ere. Ederra den moduan ogi egin berriaren usaina goiz euritsuetan sudur zuloetan barrena sartzen nabaritzea, bizikletan ibiltzen ikasi berri duen haurraren irribarrea aspaldiko argazkietatik berreskuratzea, udako oporrak ailegatu direla ospatzeko errekan biluzik bainatzea, jende eta leku berriak ezagutzea, gurasoei gezur txikiak esatea, gorputzean ateratzen zaizkizun lehen ileei begira orduak zer suma ematea, igerilekuan inor konturatu gabe txiza egin eta beste alderantz igerian hastea, amaren txokolate egin berriaren usainari jarraituz etxera txistuka sartzea, institutuan piper egin eta lehen musu eta ferekak elkarbanatzea, zeruari begira erretako lehen kanutoak gogoratzea, gau osoa norbaiti besarkatuta pasatzea, inoiz ez dela lehen aldian sentitu zenuena errepikatuko konturatzea, ikasle pisu bateko abenturak konpartitzea, desorduetan Estepanen programara deitzea, politikaz eztabaidatzea, burua urpean sartu eta kanpokoaz ahaztea, inork zapaldu gabeko elurretan ibiltzea, zoriontsu izateko lau gauza baino behar izan ez dituzula onartzea, erori eta berriro altxatzea, borrokan jarraitzea, gero eta hobeto huts egitea.
Jaio da Maddi, jaio da Aiour, jaioko dira besteak ere. Mundu bat dute aurretik huts egitez eraikitzeko. Guk pirata koxkor pare bat, langile sufritu batzuk, kondairarik gabeko herria, hizkuntza zahar hau eta beste pare bat huskeria baino ez dizkiegu oinordetzan utziko. Eta ez da gutxi.
Egin beharko dute borroka beraien kabuz, egingo dute huts, saiatuko dira, gu bezala, gero eta hobeto huts egiten, handik urte batzuetara konturatzeko, mundua egunero eraikitzen den margolan hori baino ez dela, gurea egonaldi laburregia dela mundualdiaren baitan, bizitza dela daukagun gauzarik preziatuena, gugan jaiotzen dela egunero gure mundua, alferrik dela alferrik sufritzea, alferrik bada. Ongi etorri!