Euskararen egunaren aitzakian, milaka batzuk elkartu ginen duela egun batzuk Donostian. Nahi baino gutxiago, azken hamarkadan kontu honetan ohiko den bezala. Diskurtsoa eguneratzen ez den bitartean, moduak aldatzen ez baldin baditugu, zaila izango baita euskaren aldeko mugimenduak atxikimendu berriak lortzea. Herritik hasitako olatua sortu nahi badugu, gero instituzioetatik normalizazioari begira beharrezko diren neurriak har ditzaten, geure buruak birziklatzetik hasi beharko genuke.
Eta berriro hasierara bueltatuko naiz puntu honetan; ligatzen ez badugu, ligatzeko gai garela sinisten ez dugulako da.
Jakin badakigu, ondoan ditugun hizkuntzek guk baino planta hobea daukatela, handiagoak direla, guapoagoak, nahi bada. Horregatik da hain garrantzitsua gure indarguneak zehaztu eta horietaz baliatzea bestea erakarri ahal izateko. Egonean gaudela, erosoago egon gaitezke agian, baina argi geratu da ez zaigula inor etxe atariraino etorriko, tinbrea jo eta gurekin oheratu nahi duela esatera.
Normala da, egun, euskalgintzan dihardutenen artean ezinegona nagusi izatea. Hiru hamarkadetan zehar itzal egiten zigutenen pare jartzeko ahaleginean tematu baikara, ezin izan dugu muskulu handirik erakutsi, negar egitera ohitu gaituzte sarri, gora begira irautera, handik erortzen zena euria zela entzunez lasaitzera, guk aurpegian behera labaintzen zitzaigun pixa klinex lurrinduekin lehortzen genuen bitartean.
Orain, Araban euskararen normalizaziora bideratzen ziren diruak bukatu direla esaten digute eta aztoratu egiten gara, ez dela justua aldarrikatzen dugu. Nahi dugula baina beraiek ere nahi izan behar dutela, bestela jai duela gure hizkuntzak, hizkuntza gureak.
Eta jai dugu, baiki. Eskatzeari uzten ez diogun bitartean, Gipuzkoako diputazioan hartutako erabakien modukorik hartzera ausartzen ez baldin bagara han eta hemen. Ausart jokatu beharra dago, joko zelaia zein den aldez aurretik markatu, geure buruak alferrik egurtzeari utzi.
Euskararen normalizazioan, behetik gora eragiten jarraitu beharko da aurrerantzean ere. Baina ez gaitezen engaina, euskaraz lasai bizi ahal izatea lortuko badugu, goitik behera hartutako erabaki eta legeen bidez lortuko dugu, lortzekotan. Eta hori, herri honetan orain arte abangoardia politikotzat geneukanak ere, ez dakit bada oso argi ote daukan, une honetan. Beldurra ematen dit, euskararen normalizazioa gehiengo bat lortu beharrak baldintzatuko ez ote duen etorkizunean.
Gutxiengoaren eskubideen alde lanean ibilitako bestelako mugimenduetatik ikasi beharra daukagula esango nuke, mezu bat jendartean nola txertatzen den ikusteko, nola lortzen den gaur gehiengoak sinistu ere egiten ez duen zerbait, bihar gehiengo baten aldarrikapen bihurtzea. Feminismoak urte hauetan zehar emandako urratsak eta lortutako emaitzak kontuan hartzekoak dira zentzu horretan.
Gure konplexuak albo batera utzi eta ligatzera irteteko garaia da. Etxean geratuaz gero, betiko tabernetara mugatzen badugu gure ehiza gunea, nekez jango baitugu zerbait aurrerantzean ere.